Maiatzean ere Urkuluko eta Aixolako urtegiak urez beteta daude

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 21a

Urkuluko urtegia, goraino.

Maiatza bi aurpegirekin iritsi da Debagoienera: hilabete hasieran euria eta giro freskoa izan dira nagusi, baina bigarren hamabostaldiak bestelako joera ekarriko duela dirudi, prezipitazioak ia erabat desagertu eta tenperaturak nabarmen gora egiten hasi baitira.

Maiatzeko lehen zatian euria eta tenperatura baxuak izan dira nagusi, baina, bigarren hamabostaldian termometroak gora egingo du eta giro lehorragoa izango da protagonista. Datozen egunetarako, 30 graduak gainditzeko moduko maximoak iragarri dituzte.

Prezipitazioak eta urtegiak

Lehen hamabostaldian eguraldi kaxkarrak hartu du protagonismoa. Euria etengabea izan da hainbat egunetan, eta apirilaren 27tik aste honen hasiera arte apenas izan da atsedenik: 23 egunetik bostetan bakarrik ez da prezipitaziorik neurtu. Hilabeteko egunik euritsuena maiatzaren 15a izan zen: Urkulun metro karratuko 25,7 litro pilatu ziren eta Aixolan, 14,9. 

Horren harira, bailarako urtegien betetze-mailari dagokionez, goraino mantentzen dira: Elgetako Aixola urtegia %100,07an dago eta Aretxabaletako Urkulu, berriz, %99,92an. Otsailean izan zuten bi urtegiek momenturik baxuena –normaltasunaren barruan–; ordutik hona, goraino daude. 

Tenperaturak, gora

Tenperaturek ere udaberri fresko baten irudia utzi dute maiatzeko lehen zatian. AEMETeko datuen arabera, egunik hotzena maiatzaren 11 izan zen Debagoienean, 6 gradu inguruko minimoekin. Bestalde, orain arte maiatzeko batez besteko tenperatura 13 gradu ingurukoa izan da. Dena den, azken egunetako iragarpenek agerian uzten dute maiatzak norabide aldaketa ekarri duela bigarren hamabostaldian. Udaberri heze eta fresko bati uda usaina hartzen hasi zaiola dirudi Debagoienean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak