Herri euskaldunen atzerakada gelditzeko hamar neurri proposatu ditu UEMAk

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 21a

Argazkiak: UEMA.

Joan den zapatuan Otxandion ospatutako Udalerri Euskaldunen Egunean aurkeztu zituen "urgentziaz hartu beharreko neurriak" UEMAk, euskara indartsuen dagoen eremuetan antzematen diren joerekin kezkatuta.

Udalez gaindiko erakundeen esku dauden neurriak aurkeztu zituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hilaren 16an, Udalerri Euskaldunen Eguneko ekitaldian, Otxandion. "Larritasun egoerari aurre egiteko eta arnasguneei eusteko ezinbestekoak diren hamar neurri dira, administrazio publikoek udalerri euskaldunetan epe motzean hartzeko modukoak", adierazi zuen UEMAko lehendakari Martin Aramendik. Neurri horiek hartzea ezinbestekotzat jo zuen arnasguneei eusteko, "eta oso urrats garrantzitsua delako Euskal Herri osoa euskalduntzen joateko, gune hauek motore eta eredu ere izan beharko liratekeelako gainerako eremuentzat".  

Besteak beste, udalerri euskaldunetan zerbitzu publiko guztiak –Osakidetza, Ertzaintza, Lanbide, epaitegiak...– euskaraz eskaintzen direla bermatzea, udalen euskarazko funtzionamendua bermatzeko neurri juridikoak hartzea, hizkuntza paisaia –establezimenduen barruko eta kanpoko errotuluak– euskaraz izatea, euskal hiztunak ez diren adin guztietako herritarrei euskara ikasteko erraztasun handiagoak ematea, eta haur eta gaztetxoen erabilera babestea jasotzen dute proposamenek. 

Antzuola, Elgeta, Bergara, Oñati eta Aramaio dira UEMA barruan dauden Debagoieneko herriak, %70etik gorako euskaldun indizea betetzen dutelako. Udalerri horietako udal ordezkariak bertaratu ziren Otxandiora, tartean, Aramaioko alkate Asier Agirre eta Oñatiko Udaleko EAJko zinegotzi Itziar Alonso. Agirrek azpimarratu du neurri horien abiapuntua Siadeco ikerketa-etxeak egindako ikerketa dela: "Hemendik hamar urtera euskararen arnasgune asko galtzen joango direla ondorioztatzen du, orain arteko politikak mantenduz gero. Finean, eguneroko dinamikak arautzea bilatzen du UEMAk". 

Alonsoren esanetan, euskara biziagoa izateko, "aurrerapauso handia" izango litzateke "gazte eta nerabeen aisialdian eragin ahal izatea", eta "garrantzitsuak" dira "hizkuntza paisaiari egiten zaion aipua eta etorri berriei harrera egokia egitea".

Jardunaldian parte hartu zuten udaletako ordezkariak, tartean, bailarakoak.

Berme juridikoaren beharra

Orain arte euskal erakunde publikoek garatu dituzten hizkuntza biziberritzeko politikak ere izan ditu hizpide: "Administrazioak euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izateko hartutako neurriak positiboak izan dira. Baina epaitegietan egiten ari diren interpretazio batzuen ondorioz, gehiegizko hizkuntza eskakizunak eskatzen ari dela ebazten ari dira epaileak. Sententzia horiei arrazoi juridikotik egin behar zaie aurre; horregatik esaten dugu berme juridikoa behar dugula euskal administrazioa euskalduntzen jarraitu ahal izateko", azaldu du Alonsok.

Kezka, baita gizartean ere 

Arnasguneen atzerakada udalen kezka izateaz gain, herritarren kezka ere badela gaineratu du Asier Agirrek. Adibide gisa jarri du Aramaion garatzen dabiltzan Euskara Planaren harira egin dituzten herri-batzarretara ohi baino jende gehiago bertaratu izana. Aramaioko Euskara zinegotzi Oihana Herizen ustez, "pertzepzio orokorra da arnasguneetan euskara nagusitzen dela, errealitatea bestelakoa denean". Hori iraultzeko aukerak badaudela sinistuta dago Alonso, "euskaldun bakoitzaren jarrerak eragina duelako komunitatean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak