Katearen Loturak: "Pozten gara familien garrantzia azpimarratu dutelako Patologia Dualaren Kongresuan"

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 19a

Katearen Loturak eta Aspadif elkarteetako kideak, familia-terapian adituak diren hiru profesionalekin.

Valentzia izan da aurten Patologia Dualaren 28. Kongresu Nazionalaren egoitza, eta bertan parte hartu du beste urte batez Katearen Loturak Debagoieneko elkarteak. Patologia duala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duen familien elkarte horretako kideek adierazi dutenez, kongresutik “itxaropen, emozio eta erantzukizun” sentimenduekin itzuli dira.

Aurtengo jardunaldia bereziki esanguratsua izan dela nabarmendu dute elkarteko ordezkariek. Izan ere, kongresuari hasiera eman zion Familia-terapia patologia dualean: errekuperazio integralerako ezinbesteko ikuspegia izeneko sinposioak. Bertan, profesionalek patologia dualaren inguruko ikuspegi sakona eta argia partekatu zuten, osasun mentala eta adikzioak bereizi gabe lantzearen garrantzia azpimarratuz.

Katearen Loturak elkartearen arabera, kongresuan entzundako ekarpenek baieztatu dute familiek urte luzez salatzen duten errealitatea: "Arreta integral, koordinatu eta jarraitu baten premia, alegia". Hainbat adituk “ate birakariaren” arazoa aipatu zuten, hau da, osasun mentalaren eta adikzioen artean banatutako baliabideek eragiten duten arreta-zatiketa.

Prebentzioaren beharraz

Era berean, prebentzioaren garrantzia azpimarratu zen, batez ere garapen neurologikoaren lehen etapetan esku hartzearen beharra azaleratuz. Elkartearen hitzetan, ikuspegi horrek aukera ematen du sufrimendua kroniko bihurtu aurretik jarduteko.

Familiek bizi duten eguneroko errealitatea ere mahai gainean jarri zuten: berrerortzeak, baliabide zatikatuak eta askotan sistemaren babes faltaren aurrean sentitzen duten bakardadea. "Horregatik, kongresuak berriz ere agerian utzi du patologia dualak baliabide espezializatuak, arreta jarraitua eta ikuspegi integratua behar dituela", adierazi dute Katearen Loturak elkarteko kideek.

Bestalde, elkarteak familiaren rola aldarrikatu du errekuperazio prozesuan. Haien esanetan, familia ez da bigarren mailako elementua, baizik eta pertsonari eusten dion eta krisietan laguntzen duen oinarrizko sostengua. Horregatik, familientzako formazio psikologikoaren beharra ere azpimarratu dute.

Kongresutik “argudio gehiagorekin, ezagutza gehiagorekin eta determinazio handiagoarekin” itzuli direla azaldu du Katearen Loturak elkarteak. "Euskadin patologia dualaren inguruko arreta eredu integrala garatzeko premia" dagoela uste dute, eta administrazioei baliabide errealak eta politika publiko duinak eskatzen jarraituko dutela iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak