Eguraldiak baldintzatutako mendi lasterketa izan zen Zaldibiakoa. Bi lasterketak aurreikusitakoa baino ordu erdi abiatu ziren, eta, proba luzearen kasuan, ibilbidea moztu behar izan zuten –28 kilometroko lasterketa zen hasiera batean–.
Ibilbideko baldintza kaxkarretara, ordea, ederto egokitu ziren Jokin Etxabe eta Aimar Larrea. Bergararrak, bi minutu atera zizkion, bigarren sailkatu zen Aritz Kortazarri, eta hiru minutura helmugaratu zen Guillermo Ramos –podiuma osatu zuen gizona–. Antzuolarrak ere minutu pasatxoko aldea atera zion Ibon Badiolari, eta, podiuma osatuz, Iker Aguirregabiria aretxabaletarra iritsi zen, lau minutu pasatxora. Emakumezkoen artean, Claudia Sarrate katalanak –24 kilometrokoan– eta Lola Oiarzabal gasteiztarrak –15 kilometrokoan– eraman zuten txapela etxera.