Tobe Alexandersson norvegiarra (4:08:09) eta Elhousine Elazzaoui marokoarra (3:45:07) izan dira Zegama-Aizkorri mendi lasterketako onenak, baina lasterketak beste protagonista asko utzi ditu eta nabarmenetako batzuk debagoiendarrak izan dira. Hain zuzen, duela bi hilabete Gatzatrail lasterketan nagusitu ziren Malen Osa eta Aitor Ajuria onenen artean ibili dira, oñatiarra bigarren izan delako emakumezkotan (4:23:56) eta gatzagarra lau ordutatik jaitsita bederatzigarren sailkatu delako (3:57:56) –lau atleta euskaldunek baino ez dute hori lortu–.
Emakumezkoetan, Tobe oso indartsu
Emakumezkoetan Tobe Alexandersson beste maila batean ibili da gaur. 15 minutuko tartea atera dio Malen Osari, eta lasterketako errekorra egin du norvegiarrak. Malen Osa oñatiarrak (4:23:56) eta Sara Alonso donostiarrak (4:25:51) osatu dute podiuma. Ederra izan da bi euskal korrikalarien arteko lehia. Lasterketaren lehen zatian Alonso aurretik joan da, baina Aizkorriko gailurrerian txantxikuarrak aurreratu egin du. Hala, aurrerantzean Osarena izango da euskal emakumezkoen arteko marka onena (4:23:56).
Hain zuzen, duela hilabete pasatxo adierazi zuen Malen Osak arazo fisiko batzuk tarteko lasterketak alde batetara uzteko asmoa. Aspaldian karranpekin zituen arazoak, ez fisikoki txarto zegoelako, baina arazo horiei irtenbidea jartzeko denbora hartu behar zuela adierazi zuen, eta denbora tarte txikian asmatu du egoerari buelta ematen. Maiatza hasieran Matheysins-eko Skyrace proba irabazita mamu asko uxatu zituen, eta gaur berretsi du bide onetik doala. "Saiatu naiz lasterketetara lasaiago joaten, azken hilabete hau oso modu ezberdinean hartu dut, presioa kendu diot nire buruari eta gozatzera etorri naiz. Beste etorrera bat egin dut lasterketara. Badakit gorputza ondo daukadala, gai naizela korrika azkar egiteko eta burua eta gorputza bat datozenean ondo irtetzen dira gauzak".
Hala, oñatiarrak garbi zeukan lasterketako lehenengo kilometroetan ez zeukala zentzurik Toberen atzetik joateak: "Oso garbi neukan nire lasterketa egin behar nuela. Oso lasai irten naiz, igoeretan ondo ikusi dut nire burua eta jaitsieretan normalean ondo ibiltzen naiz. Tobe beste maila batean dago, oso pozgarria da ikustea emakumezkoen kirola zela dabilen eboluzionatzen eta banekien haren atzetik joateak ez zeukala zentzurik. Baina ez nuen espero Sararekin horren goiz izatea borroka. Asko gozatu dut harekin izandako lehia, oso agonikoa izan da, eta asko pozten naiz bai niregatik, eta baita harengatik ere".

Aitor Ajuria, hamar onenen barruan
Gizonezkoen lehian Aitor Ajuria (3:57:56) izan da euskal atleta onena, bederatzigarren helmugan. "Lau ordutatik jaitsi duen laugarren euskal korrikalaria izan naiz, baina lehenago ere egon dira sekulako lasterketak egin dituzten beste korrikalari euskaldun batzuk, Zuhaitz [Ezpeleta], Fernando [Etxegarai]... nahiz eta ez dituzten marka horiek egin. Azken batean, markak hobetzen joatea gauza normala da", adierazi du gatzagarrak. "Hasieratik joan naiz nire erritmoan, burua hotz, amaieran erritmoa galdu dut baina ez asko, lasterketa ondo kudeatu dudan seinale". Hala, gatzagarra Kilian Jornet handia ere atzean uzteko gauza izan da, kataluniarrak arazo fisikoak izan ditu goitik beherakoan. "Tira, Kilianek ezin izan du bere mailan egon, atzean utzi dut jaitsieran baina hura beste maila batean dagoen atleta da".

Xabier Lete, beteranotan bosgarren
Aipatzeko moduko lasterketa egin du, baita ere, Xabier Letek. Oñatiarra bosgarren izan da beterano mailan, eta 4:32:24ko denbora eginda geratu du erlojua. Ander Nafarrate arrasatearrak 4:37:26ko marka egin du, eta ondoan izan du Asier Azkarate (4:38:30). Hala, Iñigo Uribarren arrasatearrak ere lortu du 5 orduko langatik jaistea (4:59:22). Nesketan, berriz, Garazi Abasolo aretxabaletarrak 5:34:49ko marka egin du.
Sailkapenak
Neskak
- 1. Tobe Alexanderson. 4:08:09
- 2. Malen Osa. 4:23:56
- 3. Sara Alonso. 4:25:51
- 4. Ida Amelie Robsahm. 4:28:19
- 5. Maria Fuentes. 4:33:10
Mutilak
- 1. Elhousine Elazzaoui. 3:45:07
- 2. Daniel Patis. 3:45:27
- 3. Taylor Stack. 3:52:17
- 4. Manuel Merillas. 3:53:14
- 5. Robert Pkemoi. 3:53:28
- 9. Aitor Ajuria. 3:57:56
Kilometro bertikalean, hiru debagoiendar hamar onenen artean
Egubakoitzean egin zuten kilometro bertikalean hiru debagoiendar sailkatu ziren 10 onenen artean. Bergeneko Stian Angermund izan zen onena (32:47) eta Aitor Ugarte aramaioarra bosgarrena izan zen (34:27). Aritz Unamuno bergararra zortzigarren izan zen (35:02) eta Iñigo Alzola arrasatearra izan zen bederatzigarrena (35:06).