Leintz taldeak Zumarraga-Urretxu 1 izango du aurkari Aiako finalean

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 17a

Leintz taldea Oñatiko finalaurreko saioan, agurra kantatzen.

Atzo jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurreko saioa. Txingudi eta Zumarraga-Urretxu 1 taldeak izan ziren aurrez aurre Tolosako Bonberenea aretoan. Azken hau izango da Aiako finalean Leintz taldearen aurka lehiatuko den taldea.

Atzo jokatu zen Tolosako Bonberenea aretoan Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurreko saioa. Bertan, Goierriko Zumarraga-Urretxu 1 eta Bidasoako Txingudi 1 taldeak izan ziren aurrez aurre. Manex Mantxolak, Mikel Iturriotzek eta Antton Fernandez bertsolariek, Leire Akizu gai-jartzaileak eta Jon Mendizabal epaileak osatzen dute Zumarraga-Urretxu 1 taldea. Txingudi 1 taldea berriz; Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsolariek, Jon Cia gai-jartzaileak eta Aitor Errazkin epaileak.

50 pertsona inguru elkartu ziren finalerako txartela nork eskuratuko zuen jakiteko asmoz, eta saio arin eta eder baten ostean, Goierriko taldea nagusitu zen. Horrenbestez, Leintz taldeak Zumarraga-Urretxu 1 izango du aurkari maiatzaren 30ean Aiako probalekuan jokatuko den finalean. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.

Zumarraga-Urretxu 1 agurra kantatzen, Bonberenean. (Argazkia: Betsozale elkartea)

57tik bi talderako bidea

Urtarrilean iragarri zuen bertsozale elkarteak Gipuzkoa osoko 57 taldek eman zutela izena Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren edizio berri honetan. Debagoieneko bost taldek hartu zuten parte txapelketan: Leintz taldea (Arrasate-Eskoriatza), Mikaela Mentu (Oñati), Kale edo Bale (Antzuola), Txinpartaka (Oñati) eta Tutelatraku (Oñati).

Debagoieneko taldeak elkarren artean lehiatu ziren otsailetik martxora bitarte, eta Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskar bertsolariek, Olatz Zuazubiskar gai-jartzaileak eta Larraitz Trojaola epaileak osatutako Leintz taldea izan zen guztien artean onena. Debabarreneko irabazle zen Eibarko Xarmaginak taldearen aurka irabazi zuten hurrena, Soraluzeko herri antzokian. Debagoiendarrek Oñatin eskuratu zuten finalerako txartela, aurreko astean, Azpeitiko Zaharrak Berri taldeari aurrea hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak