Hari-orkestrarentzako post-rock obra, Eñaut Zubizarreta 'Trigger'-en eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 18a

Eñaut Zubizarreta biolontxelo-jolea. E.Z.

Maiatzaren 21ean aurkeztuko du Salbaiak lana –Trigger-en laugarren bilduma–, Arrasateko gaztetxean, 22:00etan, Kooltur Ostegunak musika zikloaren baitan.

Orain dela hiru urte baino gehiago murgildu zen Eñaut Zubizarreta Trigger bere laugarren diskoa bilakatu den Salbaiak proiektuan, eta "pozik" dago hura argitaratu berritan. "Proiektu handi samarra da eta denboran ere luzatu egin da, eta argitaratzea beti da aukera bat burutik ideia hori kendu, pixka bat oxigenatu eta beste zerbaiti eusteko", azaldu du musikariak.

Hari-orkestrarentzako post-rock obra bat da, orain arteko lanekin antzekotasun gutxi duena. "Post-rocka dela diot, estilo hori lantzen duten taldeak hartu ditudalako erreferentzia moduan; adibidez: Toundra, Russian Circles… Patroi edo riff baten gainean askotariko ahots eta giroak sortzen dira modu progresiboan, eta jarraian horri kontrajartzen zaion beste zerbait agertzen da; erritmoak, sarritan, herrenak izaten dira, tesitura aldetik ere estutasunarekin eta anplitudearekin jolasten da".

Hamar kantu, hamar paisaia

Aurreko lanak bezala, Aretxabaletako Kuartela Kultur Elkartean grabatu du, "laguntasun handia" duen Asel Errastirekin. "Euskal Herriko sortaldetik sartalderako bidaian barnebiltzen diren hamar kantu dira guztira; bata bestearen atzetik erreskadan doaz, ia eten barik. Nahiko paisajistikoa eta nasaia da, batez ere intro-etan, baina gero, parte konpaktu, pisutsu eta bortitzetara ere pasatzen da. Esango nuke patxadaz eta arretaz entzuteko lan bat dela, eta hitzik ez edukitzeak ere bultzatzen du horretara".

Zortzikote formatuan

Hari-orkestrarentzako idatzitako obra denez, zortzikote formatuan grabatu du, eta honako musikari hauek izan ditu alboan: Areta Senosiain, Edurne Suso, Iraia Bereziartua, Unai Pujol, Maite Colas, John Prieto eta Joaquin Marco. "Zuzeneko emanaldietan ere zortzikote formatuan joango gara; hari-instrumentuak dira guztiak –lau biolin, bi biola, txelo bat eta kontrabaxu bat–. Diskoaren grabazioan gehienek hartu dute parte, baina aldaketa pare bat egin behar izan ditut taldean zuzenekoetara begira. Ibilbidean zehar ezagutu ditut guztiak; Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan gehienak". 

Arrasateko gaztetxean egingo dute estreinako kontzertua, maiatzaren 21ean, eguena, 22:00etan, Kooltur Ostegunen, eta udazkenera begira emanaldi gehiago lotzeko ahaleginetan ari dira.

Oraingoz, formatu digitalean

LP bikoitzean izango da laster eskuragarri. "Deskarga digitalerako aukera ere egongo da, non hamar kantuen bestelako nahasketak izango diren entzungai, hamar pertsonaren begiradatik, eta horien artean daude: Iñigo Etxarri, Jose Lastra, Johannes Buff eta Ander Barriuso. Oraingoz, Bandcamp plataforman duzue bilduma entzungai, eta, laster, Badok.eus-en ere izango da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak