Debagoieneko Gurutze Gorriak sei orduko lehen sorospenen hastapen ikastaroa emango du, erakundeak Elorregi auzoko bosgarren zenbakian duen egoitzan. Gaur arratsaldean izango da ikastaroko lehen saioa, 16:00etatik 19:00etara. Bigarrena, berriz, bihar izango da, 09:00etatik 12:00ak arte. Hamabi pertsonak eman dute izena bertan.
Kirol jardueretara bideratuta
Gurutze Gorriko ordezkariek azaldu dutenez, jarduera fisikoaren eta kirolaren profesional zein boluntarioei zuzenduta dago ikastaroa: "Eusko Jaurlaritzak lege berri bat atera zuen urrian, kirol elkarteetan boluntario-lanak egiten dituztenek lehen sorospenetako ikastaro bat izan behar dutela esanaz. Gutxienez sei ordukoa izan behar du, eta jendea arduratuta dago. Aurrez, Aloña Mendirekin egin izan dugu, eta orain, orokorragoa emango dugu".