Bueltan da Garaia Investors ekimena, ekintzailetza berritzailea bultzatzeko

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 15a

Garaia Inverstorsen VII.edizioa. Irudia: PTGARAIA

XVIII. aldia du eta goiz osoko egitaraua prestatu dute; hamar proiektu aurkeztu dituzte, eta bederatzi berriak dira.

Gaur, egubakoitza, egingo dute Debagoieneko eta Euskadiko ekintzailetza teknologikoa eta berritzailea bultzatzen duen Garaia Investors, Garai Parke Teknologikoan. Start-up eta ekintzaileendako da. Hiru baldintza bete behar dituzte proiektuek: berritzaileak izatea, hasierako faseetan egotea –balidazioa, garapena edo hazkundea– eta gehienez lau urteko antzinatasuna izatea.

Aukera berriak

PTGaraiak antolatutako eta Ikerlan, Mondragon Ventures, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Enpresagintza, Gaztenpresa, Galbaian eta A+G erakundeen laguntzarekin egingo den ekimenak hamar proiektu hautatu ditu, eta horiek izango dute gaurko protagonistak izateko aukera. Ez bakarrik beren ideiak azaltzeko, baizik eta ekintzailetza ekosistemako eragile nagusien aurrean aurkezteko: adituen epaimahaia, inbertitzaileak eta bestelako eragileak.

Pitching saioek ordubete iraungo dute, eta, ostean, balorazioetara egingo dute salto. Mahai-inguru bat entzuteko aukera ere izango dute, Lola Elejalderen –Women Angels for STEAM–, Marta Areizagaren –Hazpikoop–, Patricia Berjonen –BQUO by Dominion– eta Eva Fontecharen –Camara Navarra– eskutik.

Sari ugari jokoan

Pitch onena sarituko dute A+G Consultoresen mentorizazioarekin, Galbaianen Sokalagun programarako sarbidearekin, PTGaraiako coworking gunean urtebeteko lan-espazioarekin eta bere komunikazio-kanaletan zabalkundearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak