Kirola

Kiroldegietako abonatuen %48 emakumeak dira, baina federatu-fitxen %27 besterik ez

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 15a

Bergarako Ohorezko Erregional Mailako nesken futbol taldea.

Debagoienean 7.104 federatu-fitxa daude, 29 kiroletan banatuta eta bost kiroldegietan guztira, 18.887 abonatu daude. 

Aste honetako Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioaren erdigunea kirola izan da, eta, zenbakiez harago, federatuen eta abonatuen atzean dauden joerak interpretatzeko aukera ematen du.

Debagoienean 29 kiroletan banatuta daude federatuak, eta guztira 7.104 fitxa zenbatu dira. Fitxa kontzeptua erabiltzen da, pertsona bera hainbat kiroletan ager daitekeelako. Hala ere, joerak marrazteko balio dute zenbakiek, eta, herrika begiratuta, Arrasate da fitxa gehien dituen udalerria, ia 2.039rekin; hiru fitxako aldearekin jarraitzen dio Oñatik, 2.036rekin. Hirugarren postuan Bergara dago, 1.344rekin. Beste muturrean Elgeta dago: 78 fitxa ditu, guztiak mendizaletasunari lotuak.

Mendizaletasuna nagusi

Bailarako bost herritan– Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta eta Elgetan– mendizaletasunak ditu federatu-fitxa gehien, guztira 3.500 fitxa pilatuta. Bigarren postuan futbola dago, eta hurrengo, aldiz, ehiza, gizonezkoetan 848 fitxarekin; Eskoriatzan eta Antzuolan ere ehizak betetzen du herriko federatuen lehen postua. Aipatzekoa da Oñatiko berezitasuna: bailarako golf zelai bakarra bertan dago, eta horrek eragina du, golfa bigarren kirol federatuena izatera iritsi baita herrian.

Sailkapenaren beste aldean, presentzia txikia duten kirolak ageri dira: tenisa –fitxa bakarrarekin–, neguko kirolak –birekin– eta piraguismoa –laurekin–.

Genero-arrakala kirolean

Zenbakiek beste irakurketa bat ere uzten dute mahai gainean: generoarena. 29 kiroletatik lautan bakarrik dira emakumeak gehiago –gimnasian, igeriketan, boleibolean eta hipikan–; gainerakoetan gizonezkoak dira gehiago. Arestian egindako sailkapena emakumeen kasuan ez da betetzen, lehen eta bigarren postua mantentzen badira ere, hirugarrenean saskibaloia baitago. Desoreka hori agerian uzten duen datu esanguratsuena da federatu-fitxen %73 gizonezkoenak direla.

Debagoieneko kiroldegietako abonatuei erreparatuz gero, aldiz, genero-arrakala askoz txikiagoa da: emakumeak %48 dira.

Leire Juan Beltzek, Athloneko Jarduera Fisiko eta Kirol orientatzaileak, joera horren atzean dagoena azaltzeko asmoz dio "lehiazko kirola historikoki gizonezkoei atxikitu" izan zaiela eta emakumea sarriago lotu izan dela kirola egiteko beste modu batekin. Haren ustez, kiroldegiek aukera zabalagoa eskaintzen dute; lehiarik gabeko espazio zabalagoa, emakumeak "erosoago sentitu" direnak. Hala ere, baikor da etorkizunari begira: "Pixkanaka aldatzen ari da, eta hala jarraitzea espero dugu".

Abonatuak eta instalazioak

Debagoieneko bost udal kiroldegiek 18.887 abonatu dituzte guztira; kopuru adierazgarria. Herri bakoitzeko biztanleria osoari eta abonatu kopuruari erreparatuta, Aretxabaletako datua da deigarriena: abonatu kopurua herriko biztanleriaren erdiaren parekoa da. Azkenik, azpiegiturek osatzen dute puzzlea. Guztira, 175 kirol instalazio daude bailaran, eta gehienak publikoak dira, %89. Oñati da hornituen dagoena, 46 instalaziorekin.

Zenbakiek, beraz, badute zer kontatua: mendira begira bizi den bailara bat, kirola egunerokoan txertatua duena, baina oraindik ere oreka bila dabilena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak