Hain zuzen ere, 11:00etarako egin dute hitzordua, ermita inguruko pagadian. Ordubete lehenago irtengo da talde bat, oinez, Elgetako Mendizaleen Plazatik. "Elgetarrak ibilaldia elkarrekin egitera deitzen ditugu", azaldu du Jaiak batzordeko buru Ikuska Lizarralde zinegotziak. "11:00etan urteroko hamaiketakoa egingo dugu Asentzion. Horretaz gain, 11:30 aldera dantzaldia izango dugu, eta, horrekin batera, Jainaga eta Narbaizarekin erromeriaz gozatu ahal izango dugu".
Lizarraldek azpimarratu du Asentzio toki oso berezia dela: "Bai elgetarrondako, bai Angiozarkoendako. Beti izan da elkargune bat, eta, are gehiago, Asentzio Eguneko ospakizunean. Horrela izaten jarraitzea da gure helburua. Naturgune eder honetan goizalde polit batekin gozatu nahi duten herritarrak gonbidatzen ditugu parte hartzera".
Mezarik ez
Ekintzetan parte hartzeko dei egin dute Angiozar Bailarako Batzarrekoek ere. "Azken urteetan elkarlanean gabiltza jai hau antolatzen, urtean zehar dugun eguneroko harremana ere ospatu nahian. Auzoa hustu ahala, urteetan eutsi diogu jaia ospatzeari. Orain, beste poz batekin dihardugu elkarlanean", adierazi du batzarreko kide Jose Angel Mikeok.
Mikeok azaldu duenez, oinarrizko formatu bat izan du oinarri Asentzio Egunak azken urteetan: meza, luntxa eta erromeria. "Iaztik, mezarik ez dago, baina beste ekintzak bai. Aurreko urtean, esaterako, mago baten emankizuna izan genuen, eta aurten, 11:00 inguruan, Asentzion elkartuko gara eta Elgetako eta Angiozarko dantzariek elkarrekin jardungo dute". Horren ostean Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin egongo den erromeria nabarmendu du.
Mugakideen jaia
Asentzio Eguna mugakideen jaia dela azpimarratu du Mikeok, eta gonbidatuta daude inguruko guztiak. "Hurbilekoenak, lehenik: elgetarrak, angiozartarrak eta uberarrak. Mugakideen jaia dugu, eta gure kidetasun hori ospatu nahi dugu. Hortik aurrera, Asentziorekin nolabaiteko lotura duten guztiak bertaratzeko gonbidatuta daude. Inork lekua ezagutzen ez badu, aukera polita da bertaratzeko".
Dantzak denendako
Euskal dantzak ere izango dira aurten Asentzio Egunean. Dantzak ikasteko barikuetan elkartzen den Elgetako taldetik dozena bat lagun izango dira dantzan. Horrekin batera, Angiozarko hainbat dantzari. "Dantza ezagunak egingo ditugu, gehienok dantzan egiteko bezalakoak, eta, zenbat eta jende gehiago animatu, orduan eta hobeto", esan du dantzari taldeko Idoia Elkorok. "Gure helburua denok dantzan egitea da".