ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Hori ikusita, sindikatuek udal langileen aldeko greba eta mobilizazio dinamika martxan jarri zuten pasa den apirilean. Apirilaren 23an bi orduko lanuzteak egin zituzten, eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egum osoko grebak antolatu dituzte.
EAEko 120 udal eta udal enpresetako langile batzordeek edota langileen ordezkariek babesa eman diete sindikatuek aurkeztutako mozioei. Ondorioz, hainbat udal itxi egingo dituzte, eta zerbitzuetan ere eragina izango du.
Eskualdea grebarekin bat
Autonomia Erkidegoko hainbat udal itxita egongo dira gaur. Tartean, Oñatiko, Arrasateko, Antzuolako, Bergarako eta Elgetako udaletxeak. Aramaion, langileen %50ak egin du greba, eta nahiz eta langile guztiak ez egon, udaletxea zabalik mantenduko dute.
Antzuolako udal langileen %90ak greba deialdiarekin bat egitea erabaki du, ondorioz, udaletxea eta liburutegia itxita egongo dira. Hala ere, kiroldegia, frontoia, Torresoroa eta futbol zelaia zabalik egongo dira. Elgetan itxita daude udaletxea eta liburutegia.
Oñatin, udaletxeko HAZ zerbitzua egongo da bakarrik, dokumentuen erregistroa egin eta deiak jasotzeko. Zubikoa kiroldegia, Euskaltegia eta Kultur Etxea itxita egongo dira, eta Oñatiko Irratiak ez du irratsaiorik egingo. Udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka.
Bestalde, Debagoieneko Mankomunitatea ere itxita egongo da, eta jendaurreko arreta etenda.
