Artea eta interiorismoa batzen ditu Oñatin zabalik dagoen erakusketak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko maiatzaren 13a

Oñatiko kultura etxean ikusgai dagoen erakusketa.

Oinarri batean pitxer bat jarri eta tokiko sei artista gonbidatu ditu Andrea Azkoaga oñatiarrak elementu horiek interpretatzera eta euren lanetan islatzera. Domekara arte egongo dira ikusgai kultura etxeko erakusketa aretoan.

Artea eta interiorismoa biak lotzeko proiektua burutu du Andrea Azkoaga oñatiarrak. Pitxer bat eta oinarri bat jarri eta horren aurrean artista bakoitzak egin duen lana erakutsi gura izan du. Horretara, tokiko sei artista gonbidatu ditu: Xabier Mendizabal, Itziar Bastarrika, Ander Etxaniz, June Baonza, Katalin Antxia eta Mirari Sagarzazu. "Bakoitzak bere ikuspegia, estiloa eta teknika nola ematen dituen ikustea izan da asmoa, eguneroko objektu bat adierazpen artistiko berezi bihurtuz", dira Azkoagaren hitzak.

Artea eta Interiorismoaren inguruan hausnarketa eginez, sei artisten lanak izan ditu ikusgai eta salgai Andrea Azkoagak bere estudioan. Irailean hasi zen egitasmo honekin, eta kultura etxean jarri duen erakusketarekin bukatuko du. Hauek izan dira egitasmoaren helburuak: artearen eta barnealdeen diseinuaren arteko elkarrizketa sustatzea, tokiko artistekin konexioak sortzea eta etorkizuneko kolaborazioak sortzea, interiorismoak sor dezakeen esperientzia hori artearen bidez islatzea eta espazio baten barruan eguneroko objektuak ikusteko modu berriak inspiratzea.

Sei artista horiek ez ezik, gaztetxoek ere adierazi dute euren hausnarketa edo inspirazioa marrazkien bitartez. Horiek ere ikusgai daude kultura etxeko erakusketan. Domekara arte dago zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak