Debagoieneko Mankomunitateak hala eskatuta, Intra Trafiko Ingeniaritza S.L enpresak lanketa tekniko bat egin du, eskualdeko mugikortasuna aztertzeko. "Lanketaren helburua izan da Debagoieneko mugikortasunaren egoera modu integralean aztertzea eta etorkizuneko erabakiak hartzeko oinarri teknikoa eskaintzea", azaldu du Mankomunitateak ohar bidez. Hala, txosten tekniko hori baliatu nahi dute erakundeek neurriak hartu ditzaten eskualdeko mugikortasunean "jauzi kualitatibo" bat emateko.
Debagoieneko udalak tokian toki egiten ari diren mugikortasun lanketen osagarri izan gura duen azterketa dela nabarmendu du Mankomunitateak. "Azterketa honek balio izan du, orokorrean, herritarrek hautematen dutena jasotzeko, datu teknikoekin. Besteak beste, herrien arteko joan-etorriak aztertu dituzte, baita garraio sarearen eraginkortasuna eskualde mailan nolakoa den ere. Halaber, azpiegituren lehentasunetan ere jarri dute fokua. "Modu horretan, diagnostiko partekatuarekin, etorkizuneko lanketa eta erabakiak partekatzeko oinarri komun bat finkatu da", gaineratu du.
Diagnostikoak mugikortasunaren "argazki osoa" eskaintzen duela azpimarratu du Mankomunitateak. "Hau da, nola mugitzen diren bailarako herritarrak, zergatik mugitzen diren horrela eta zein aldaketak egingo luketen mugikortasuna jasangarriago, bidezko eta eraginkorrago". Izan ere, egungo eredua "zaharkituta" dagoela ikusi dute.

Hainbat ondorio utzi ditu azterketak
Diagnostikoak utzi duen ondorioetako bat da Debagoiena ez dela homogeneoa mugikortasunari dagokionez. Hau da, ez da mugikortasun bera ardatz nagusian (Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Bergara) eta periferiako udalerrien artean (Leintz-Gatzaga, Aramaio, Elgeta, Antzuola). "Azken horiek autoarekiko mendekotasun handia dute, udalerri barruko autosufizientzia %10era ere iristen ez delarik".
Era berean, udalerri barruko desplazamenduetan oinezkoak dira nagusi (%65 eta %75 artean). "Baina herri batetik besterako nahitaezko joan-etorrietan (lana edo ikasketak) autoaren erabilera nabarmen igotzen da, %25 eta %54 artean kokatu arte".
Sarearen "hiperzentralizazioa eta saturazioa" ere bada arazoetako bat. "Eskualdeko garraio publikoa Arrasaten zentratutako sistema erradial gisa diseinatuta dago; 23 lineatatik 19 bertatik igarotzen dira eta udalerri horrek eskaera osoaren %43,3 jasotzen du. "Horrek dakar nodo nagusia gainezka egotea eta bertako edozein atzerapen sare osora zabaltzen da".
Horrekin batera, bizikleta "aisialdira mugatuta" dagoela ondorioztatu du diagnostikoak. "Ardatz nagusian azpiegitura egon arren, herritarrek aisialdiari lotzen diote gehienbat, eta ez lanerako bideari; horren arrazoien artean daude geltokietan aparkaleku segururik ez egotea edo bizikletak herrien arteko autobusetara igotzeko araudia".
Azkenik, lau arrakala estruktural identifikatu dituzte, planak heldu beharrekoak. Honako hauek dira: lurralde-arrakala (periferiaren isolamendua), arrakala soziala (autoa ez dutenen bazterketa), genero-arrakala (emakumeen bidaia konplexuagoetara ez egokitzea) eta arrakala digitala (adinekoentzat teknologia oztopo bilakatzea).
Erakundeen arteko elkarlana
Diagnostikoa aldaketak oinarri teknikoen gainean egiteko abiapuntua besterik ez dela azaldu du Mankomunitateak. "Argi dugu bailarak jauzi bat egin behar duela mugikortasun alorrean, eta prest gaude bide horretan lidergoa hartzeko. Diagnostikoa egitea lehen urratsa zen; orain, ondorioak agenda politiko eta instituzionalaren erdigunean jartzea da erronka".
Mugikortasun jasangarriak udalen, Mankomunitatearen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eskatzen duela uste du Mankomunitateak, eta txostenaren beste ondorioetako bat da inbertsio eta kudeaketa erabakiek lurralde kohesioan duten eragina. "Horregatik, txosten teknikoa hainbat eragile zein erakunderi aurkeztuko diegu, elkarlanerako gonbidapena eginez, Debagoieneko Mugikortasun mahaia sortzeko helburuarekin".