Amore eman gabe, Lehendakaritzara jo dute pentsiodunek eskaera erregistratzera

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 12a

Pentsiodunen ordezkariak Lehendakaritza barruan. (Argazkia: 'Rosli').

Euskal Herriko eta Debagoieneko pentsiodunek borrokan jarraitzen dute, eta pentsio baxuenak Espainiar Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko aldarria, beste behin, kalera atera dute azken aste hauetan. Horretarako, mobilizazio bat egin zuten Gasteizen eta eskaera ofizial bat erregistratu dute Lehendakaritzan.

Maiatzaren 7a izan zen pentsiodunek kaleak hartzeko aukeratutako data. Gasteiz zeharkatu zuen mobilizazio jendetsu bat egin zuten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. "Oso ondo egon zen. Esango nuke aurreko mobilizazioen tamaina mantentzea lortu genuela. Osotara, 2.500 pertsona inguru elkartuko ginen. Mobilizazio zaratatsu eta koloretsua izan zen, gure ohiko peto eta zapiz betea" azaldu du Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kide Jose Luis Loidi Rosli-k.

Eskaera Lehendakaritzan

Manifestazioaren jarraipen gisara, Lehendakaritzara jo zuten pentsiodunek astelehenean, bertan, eskaera ofizial bat erregistratzeko asmoz. Roslik azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuko pentsiodunek astelehenetan egiten duten mobilizazioa baliatuz, elkarrekin joan ziren guztiak lehendakaritzaraino: "Gasteizen astelehenero elkartzen dira pentsiodunak plazan, eta manifestazioan joan ziren lehendakaritzaraino".

Behin eskaera erregistratuta, Eusko Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea du honi modu ofizial baten erantzun ahal izateko. Bergarako pentsiodunak adierazi duenez, ez du uste itxaronaldia luze egingo zaienik, bitartean, borrokan jarraituko dute eta: "Ez dut uste luze egingo denik. Guk garbi dugu saiatuak izatea dela gure ezaugarrietako bat. Bizi guztia borrokan eman duen belaunaldi batekoak gara, eta tarte honetan ere ez dugu etsiko".

Herri ekinaldi legegilea oinarri

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek azaldu dutenez, 2025ean pentsio baxuenak gutxieneko soldatarekin parekatzeko Eusko Legebiltzarrean erregistratutako herri ekinaldi legegilea dago eskari berriaren oinarrian.

EAJk, PSEk eta Voxek atzera bota zuten herri ekinaldi legegile hura, eta Roslik dioenez, honek haserrea eragin zuen pentsiodunen artean. Horregatik erabaki dute orain horrelako eskaera bat erregistratzea: "Orain egin dugu ez ginelako batere konforme gelditu 145.142 herritarren sinadura bildu eta herri ekinaldi legegileak ahalbideratzen zigun eskubideari eutsiz egin genuen eskakizuna eztabaidatzeko aukera ere ez zigutelako eman".

Bergararraren ustez, Eusko Legebiltzarrak une horretan hartutako erabakia legearen beraren filosofiaren aurkakoa da: "Kajoi batean sartu zuten, eta uste dugu hori lege horren filosofiaren aurka doala, partaidetza sustatzeko egindako legea izan zen, eta beraien erantzuna lotsagarria iruditu zitzaigun".

"Justiziazko" aldarria

Pentsiodunen ordezkariek beraien eskaera "justiziazkoa" dela nabarmendu dute. Rosli bat dator honekin: "Eskatzen ari garen hori justiziazkoa dela uste dugu. Gerra inperialista nagusi den kontestu honetan, prezioekin espekulatzen dabiltzala ikusten dugu, eta horren eraginez, jende askok oinarrizko saskia betetzeko ere arazoak ditu. Oinarrizko produktuen prezioak ikaragarri igo dira, eta lehen ere askok zailtasunak bazituzten hilabete amaierara heltzeko, orain, egoera askoz okerragoa da".

Baldintza okerrenak emakumeek pairatzen dutela nabarmendu dute mugimenduko ordezkariek, pentsio arrakala %30ekoa dela azalduz. "Emakumeekin injustizia bikoitza egiten dabiltza. Bizi osoan zehar zaintza lanak egitera behartuak izan ziren, administrazioak egin beharko zituen hainbat lan beraien gain hartuz, eta orain ez dizkiete horren beharrezko dituzten baliabideak bueltan ematen", gaineratu du bergararrak.

Justiziazko izaera hori dela eta, helburuak beteko dituztela uste du Roslik: "Ez dugu etsiko gure eskariak bete arte. Plaza guztiak hartzen jarraituko dugu, eta beharrezkoak diren bidaiak egingo ditugu. Garbi dugu epe ertain batean gure eskakizuna betetzea lortuko dugula, esan bezala, justiziazko eskakizun bat delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak