Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan, oñatiarrek 3-0eko gogorra jaso zuten joaneko jardunaldian, Adunan (22-1; 22-4 eta 22-8). Atzo, ostera, nagusien partidua, behintzat, irabaztea lortu zuten (22-10). Hori bai, kadete eta gazte mailako partiduak galduta (22-10 eta 22-5), ezin izan dute kanporaketa gainditu.
Antzuolarren kasuan, Zegaman partidu bakarra irabazi zuten, nagusien mailakoa (22-8); eta beste bi partiduak galdu egin zituzten, 22-2ko emaitzarekin, biak ala biak. Atzo, itzuliko jardunaldian, gauza bera gertatu zen. Hau da, kadete mailan 22-7 galdu zuten eta, gazte mailan, 22-10. Nagusietan, aldiz, garaipena lortu zuten (22-5). Emaitza horiekin, zegamarrek egin dute aurrera, Antzuola kanporatuz.
Aretxabaletak, bihar
Aretxabaletarrek, azkenik, bihar jokatuko dute Alegiaren aurka. Joan den astean, etxean jokatutako jardunaldian, partidu bakarra irabazi zuen Aretxabaletak, gazte mailakoa (22-15). Edozelan ere, kadete mailan 22-0 galdu zuten eta nagusietan, 22-15. Hori dela eta, zail daukate aurrera egitea, baina ez ezinezkoa.