Construcciones Brues-en pausoak jarraitzen dabil Mondrate, 33 urte geroago

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 8a

Construcciones Brueseko ordezkariak, Iturripen; 1993-1994ko denboraldian egin zuten lehen urtea maila gorenean.

Duela hiru hamarkada Arrasaten eta gero Eskoriatzan egon zen taldearen bide bera jarraitzen dabil Mondrate. Orduan ere Bigarren B Mailara igotzea lortu zuten, 1992-1993ko denboraldian, eta bost urtez eutsi zioten kategoria hari.

Datorren denboraldian Gipuzkoak hiru talde izango ditu areto futboleko Bigarren B Mailan, Antiguoko, Ibarra eta Mondrate –gorago bi kategoria baino ez daude Espainian–. Ez da izango lehenengo aldia Debagoienak maila horretan ordezkaritza izango duena, 1992-1993ko denboraldi amaieran Arrasaten urte batzuk lehenago sortutako Construcciones Brues taldea igo zen eta. "Zuzen esatearren, gaur egungo Bigarren B Mailari orduan Primera A deitzen genion. Baina maila berbera zen. Partiduak jokatzen genituen Zaragozan, Kantabrian, Burgosen, Errioxan, Nafarroan... Oso maila lehiatua zen, eta bost urtez eutsi genion mailari", dio bailarako areto futbolaz berba egiteko erreferente Narciso Pavo eskoriatzarrak.

Arrasaten; eta gero, Eskoriatzan

Construcciones Brues taldeak egin zuen ibilbidea bitxia da. "Zaldibarko areto futbol txapelketan jokatzen zuten hainbat lagunek maila federatura egin nahi zuten salto. Mondragon FCn ibilitakoak ziren asko: Eugenio Arana, Eluterio Cid Teri, Eduardo Zurdito, Txema Elizaran –semeak Mondraten jokatzen du–, Alex Martiarena, Iñaki Corral zena, Capu, Javi Gutierrez Guti, Eugenio Garcia Upe... Nik orduan Gasteizko Lehoi taldean jokatzen nuen, Txarrantxa gatzagarrarekin, eta taldera batzeko proposatu ziguten [Narciso Pavo atezaina zen]–. Eta kuriosoa da, Gasteizen bazen desagertzera zihoan klub bat, eta talde haren plaza hartuta Arabako Federazioan atera genuen taldea".

Construcciones Brueskoak, Iturripeko kanpoaldean egindako argazkian. Zutik, ezkerretik hasita: Zurdito (atezaina), Marcos, Txema, Guti, Eugenio, Narciso (atezaina). Behean eserita, ezkerretik: Txarrantxa, Iñaki, Teri, Upe, Alex.

Klubaren izena Club Futbol Sala Arrasate zen, eta Bigarren B Mailara igo zirenean (1992- 1993) oso babesle sendo bat lortu zuten, Construcciones Brues. "Eugenio Garcia Upe-k lortu zuen babesletza hura. Bergarako jatetxe batean egiten zuen lan, Tio Pitx-en [Ola auzoan zegoen, Bergaran], eta bazkaltzera Construcciones Brues-eko jabeak joaten ziren. Bada, taldea babesteko eskaera egin zion enpresako nagusiari, eta hark baietz erantzun. Halaxe lortu zuen Upe-k garai hartarako diru kopuru polita". Hain zuzen, lehenengo urtean, garai hartako milioi bat pezeta jarri zituen enpresa eraikitzaileak, eta bigarren denboraldian bi milioi eta erdi pezeta. "Diru asko zen sasoi hartarako; kategoria hartan jokatzeko dirua behar genuen, bidaiak egiteko... Eta kolpe batean lortu genuen aurrekontua osatzea", dio Pavok.

Hara iritsi aurretik, talde hark hiru urtez jarraian lortu zuen mailaz igotzea, Arabako Territorial Mailan hasi eta Bigarren B Mailara iritsi ziren arte, eta denboraldiek aurrera egin ahala proiektu hartara izenak batzen joan ziren: Xabi Garcia Xabilo, David Zaitegi, Aitor Balzategi, Nando, Ritxi Briñas, Entxo, Jon Onaindia eta abar... "Kontua da Bigarren B Mailan Arrasaten jokatzen egon eta gero babesletza amaitu zitzaigula, eta orduko Eskoriatzako presidente Manuel Muñozek taldea Eskoriatzara eramateko konbentzitu gintuen. Maila berberean jarraitu genuen bi urtez, orduan Eskoriatzan, baina egin beharreko esfortzua handia zen, eta, proiektuarekin jarraitzeko arazoak genituela ikusita, kategoriaz jaistea erabaki genuen; orduan sortu berria zen Euskal Ligara jaitsi ginen, bi kategoria beherago".

Construcciones Brues Arrasaten sortu bazuten ere, babesletza gabe geratu zirenean 1995-96 denboraldian taldea osorik Eskoriatzara eraman zuten; argazkian Eskoriatzako elastikoarekin. Hor bi urtez eutsi zioten Bigarren B mailari. 

"Sekulako lana egiten dabiltza"

Gaur egun Eskoriatzan badihardu ere, Pavok ondo ezagutzen du Mondratekoek urte hauetan egin duten lana. Izan ere, Mondrate klub gaztea da, 13 urte bete ditu. "Ondo egindako lanaren emaitza da. Sekulako meritua daukate, eta badute lana, erronka izugarria daukate eta". Pavok badaki Bigarren B Mailan jardutea zer den, Laskorain taldean entrenatzaile ibilitakoa da eta. "Lehenengo Mailan ibili diren jokalari askorekin egingo dute topo, kategoria erdi-profesionala da. Talde sendoa osatu behar dute, aurrekontua handitu, bigarren talde indartsua izatea ere garrantzitsua da... Maila horretara igotzen diren klub gipuzkoarretatik %80k kategoria galtzen dute lehenengo urtean; horrenbestez, erronka potoloa dute aurrean. Baina, aldi berean, gozatzeko urtea daukate aurretik".

Mondrate taldea, aurtengo ligako norgehiagoka baten, Musakolan zaleen aurrean.

Ospakizunak, bihar, zapatua

Joan den domekan, Bilbon, arrasatearrek ezin izan zuten nahi bezala ospatu, eta bihar, zapatua, ospatuko dute zaleekin batera Bigarren B Mailara igo izana. Afantxoren kontra jokatuko dute, Musakolan, 17:15ean, eta partiduaren aurretik ligako garaikurra jasoko dute eta aurreskua dantzatuko diete, baita pasilloa egin ere. Gero, 20:00etan, Arrasateko udaletxean egingo diete harrera ofiziala, eta plazan batuko dira zaleekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak