Debagoiendarrak ezustekoaren bila doaz Herriartekoaren itzulerakora

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 7a

Aritz Zugasti Aretxabaletako pilotaria, Herri Artekoan.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen kanporaketako itzulerako norgehiagokak jokatuko dituzte bihar Antzuolak eta Oñatik, etxean. Aretxabaletak domekan jokatuko du, Alegian.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen kanporaketetan ez dute zorterik izan Debagoieneko taldeek. Aretxabaletak, Antzuolak eta Oñatik ezin izan zuten euren aurkariek baino partidu gehiago irabazi lehen kanporaketako joaneko jardunaldian. Aretxabaletak Iturrigorri pilotalekuan jokatu zuen joanekoa: 22-0 galdu zuten kadete mailan, eta juniorretan 22-1 irabazi. Seniorrek, ostera, partidu ona egin arren, 22-15 galdu zuten. Horrenbestez, seniorretan Lanzos eta Zugastik itzulerako biribila jokatu beharko dute domekan, Alegian, Herriarteko Txapelketan aurrera egiteko.

Antzuolak eta Oñatik, etxean

Antzuolak eta Oñatik zailago dute aurrera egitea, baina zaleen babesa alde izango dute. Antzuolan, 20 urteren ostean, Herriarteko Txapelketako norgehiagoka bat jokatuko dela da albiste. Seniorrek ondo menderatu zuten Zegamako taldea: 22-8. Baina kadete eta junior mailetako bi partiduak 22-2ko emaitzarekin amaitu ziren, eta zail dago sailkapena. Oñatik, berriz, Adunaren aurka jokatutako hirurak galdu egin zituen, 22-1, 22-4 eta 22-8. Itzulerakoan joanekoan baino itxura hobea ematen saiatuko dira Aloña Mendiko pilotariak. Bi kanporaketak egubakoitz arratsaldean jokatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak