Euskal Herriko 100 bat udalerrik egin dute bat harekin; tartean, Arrasatek eta Bergarak. Hain zuzen, helburua da haurren testuinguru linguistikoan eragitea, "haur bakoitzaren unibertsoa euskaldunagoa izan dadin", Eusferako koordinatzaile Uxue Izkok adierazi duenez.
Izkok gaineratu du euskara gero eta gehiago erabiltze aldera "ezinbestekoa" dela gizarte-aktibazioa, eta testuinguru horretan sortu dute Eusfera, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak "aktibatzeko" eta, haiekin elkarlanean, haurren inguruan euskarak "presentzia gehiago izatea" lortzeko.
Hori dela eta, ekimenak guraso guzti-guztientzat "ateak zabalik" ditu. "Izan ere, haurren unibertsoa euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guztiek parte har dezakete, euskaraz jakin edo ez", nabarmendu du ekimenaren koordinatzaileak.
Parte hartzeko bi modu
Eusferaren baitan, batetik, etxean etxekoekin egiteko Misioak edo proposamenak egongo dira. Misio horiek haurren unibertsoa osatzen duten zortzi planetetan banatuta daude: ipuinen planeta, pantailen planeta, sormenarena eta abar. "Hala, familia bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako erronkak jasoko ditu, Eusferaren webguneko galdetegi labur bat beteta. Misio horiek eskuragarri egongo dira Euskal Herri osoko gurasoentzat".
Bestalde, Euspazioak izango dira; hau da, herriz herri antolatuko diren eta euskaraz hitz egiteko aproposak diren familientzako elkarguneak. "Aisialdiari lotutako proposamen dibertigarriak eta gozagarriak izango dira".
Euspazioek hiru elementu nagusi izango dituzte. Lehenik eta behin, haurrek eta gurasoek elkarrekin parte hartzea proposatu dute, "elkarrekin gozatu ahal izateko"; era berean, parte-hartze aktiboa sustatuko dute, eta "inork ez du aspertzeko betarik izango"; azkenik, euskara izango da ekimenaren erdigunean, eta "euskarara hurbiltzeko aukera emango dute, modu atseginean, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei ere espazio horietan parte hartzeko aukera zabalduta".
Askotariko ekintzak
Eusfera ekimenaren baitan, askotariko ekintzak egingo dituzte Arrasaten eta Bergaran. Arrasateri dagokionez, bihar, egubakoitza, Altamirako jaien testuinguruan, hasiera-ekitaldia eta jolasak egingo dituzte, 17:30ean hasita; etzi, domeka, talde-jolasak egingo dituzte, familian, San Isidro plazan, 12:00etan; astelehenean, aldiz, ipuin kontaketa egongo da Euskararen plazan, 17:00etan; eta maiatzaren 14an, azkenik, mahai-jolasak izango dira Santa Barbara parkean, 16:30ean.
Bergarari dagokionez, datorren astean herri kirolak egingo dituzte ikastetxeetako patioetan; eta maiatzaren 15ean, berriz, Bost baietz jolasa egingo dute, herritarrei galdetuz eta erronkak betez.
Gurasoen eragina haurrengan
Izkok azaldu duenez, azken urteetan argitara ateratako datu berriek argi adierazi dute gurasoekin lan egiteko beharra eta aukera dagoela. Bide horretan, Haurren aurrean helduok heldu ekimena gauzatu zuten 2021ean eta 2023an. Orain, Eusfera ekimenak foku aldaketa bat proposatu du eta haurren hizkuntza erabileraren eta hizkuntza testuinguruaren gaineko kezka partekatuan jarri du arreta. "Haurrek beren egunerokotasunean entzuten, irakurtzen edota hitz egiten dituzten hizkuntzek osatzen dute haurren hizkuntza unibertsoa. Ez gara beste pertsonekin egotean erabiltzen den hizkuntzari buruz soilik ari, baizik eta aisialdian, telebistan, ikastetxean, familian-eta jasotzen diren hizkuntzei buruz". Hala, diotenez, ingurune zenbat eta euskaldunagoa izan, etorkizunean euskaraz hitz egiteko orduan eta gaitasun, motibazio eta aukera handiagoa izango dute. "Beraz, haurren unibertsoan euskarazko atmosfera osasuntsua eraikitzea garrantzitsua da".