Eskolatik kanpoko eremuetan jarriko du arreta Eusferak, eta gurasoei baliabideak, tresnak eta espazioak eskainiko dizkie euskararen erabilera sustatzeko. Helburu nagusia haurren testuinguru linguistikoan eragitea da, haur bakoitzaren eguneroko unibertsoa euskaldunagoa izan dadin.
Ekimena aurkeztean, Uxue Izko Berastegi-k azaldu zuen Eusfera Taupa mugimenduaren helburu nagusiei bide emateko sortu dela. Haren esanetan, "Taupan argi dugu gure helburu nagusia euskararen erabilera sendotzea eta horretarako aukerak eskaintzea dela. Eta euskara gero eta gehiago erabiltze aldera, ezinbestekoa dugu gizarte-aktibazioa". Testuinguru horretan, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak aktibatzeko beharrari erantzunez sortu dute egitasmoa.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "gero eta handiagoa da erdaren presentzia haurren egunerokoan, bereziki eskolatik kanpoko eremuetan, hala nola aisialdian, telebistan edo pantailen erabileran". Kezka horri erantzuteko, Eusferak euskararen erabilera sustatzeko proposamenak eta baliabideak eskainiko dizkie familiei. Halaber, parte hartzea irekia izango dela azpimarratu dute: haurren ingurunea euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guztiek parte hartu ahal izango dute, euskaraz jakin ala ez.
Parte hartzeko bi bide
Maiatzaren 7tik aurrera, familiek bi modu nagusi izango dituzte ekimenean parte hartzeko. Batetik, etxean egiteko "misioak" proposatuko dira. Misio horiek haurren unibertsoa osatzen duten zortzi planetetan banatuta egongo dira, ipuinen planeta, pantailena, sormenarena, besteak beste. Familia bakoitzak bere ezaugarrien araberako erronkak jasoko ditu Eusferaren webgunean galdetegi labur bat beteta.
Bestetik, "Euspazioak" izeneko elkarguneak sortuko dira herriz herri. Aisialdiarekin lotutako jarduera ludikoak izango dira, familiek euskaraz hitz egiteko guneak sortzeko helburuarekin. Dagoeneko Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Nafarroa Behereko 100 udalerri, auzo eta kuadrila inguruk bat egin dute egitasmoarekin. "Parte hartuko duten herrien zerrenda jada Eusferaren webgunean, Gurasoen txokoan, dago, eta Euspazioen berri ere bertan emango dugu, data hurbildu ahala",
Komunitatearen garrantzia
Tokian tokiko talde antolatzaileen izenean, Fabio Perez Lasso de la Vega-k nabarmendu zuen euskararen erabilera sustatzea komunitate osoaren ardura dela, ez soilik eskolarena edo erakundeena. Haren hitzetan, Eusfera bezalako ekimenek ez dute “soluzio magikorik” eskaintzen, baina aurrera egiteko tresna eraginkorrak dira, kontzientzia piztu eta jendea aktibatzen dutelako.
"Eusfera bezalako ekimenak beharrezkoak direla iruditzen zaigu. Ez dira soluzio magikoak, baina bai bidean aurrera egiteko tresna eraginkorrak. Garrantzitsuena da mugimendua sortzen dutela, kontzientzia pizten dutela eta jendea aktibatzen dutela".
Bestalde, Jon Txarroalde Antolin-ek azpimarratu zuen haurren unibertsoa eskola baino zabalagoa dela, eta euskararen erabilera sustatzeko sare komunitarioa beharrezkoa dela. Halaber, gogorarazi zuen haurrek inguruan ikusten dutena imitatzen dutela, eta gurasoek funtsezko rola dutela euskararen erabilera eta jarrera eredugarriak transmititzeko.
"Askotan, euskaraz gehiago eta hobeto bizi nahi dugun arren, ez dakigu nola egin, edo oztopoak aurkitzen ditugu bidean. Eusferak aukera ematen digu pausotxo bat emateko komunitate gisa, gure auzo eta herrietan".