Maiatzean zehar jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Eskupilota Txapelketa, ekainaren 28ko final handira arte. Debagoieneko lau taldek parte hartuko dute: Aretxabaleta, Antzuola, Bergara eta Oñati, kadete, gazte eta nagusi mailetan; betiere, binakako formatuan.
Txapelketaren egiturari dagokionez, kanporaketa bakoitzean sei partida jokatzen dira –bi maila bakoitzean, etxean eta kanpoan–, eta garaipen gehien lortzen dituen herriak egingo du aurrera. 3-3ko berdinketa izanez gero, tanto kopuruak erabakiko du sailkapena.
Antzuola, aspaldiko partez
Antzuola izango da aurtengo nobedade nagusietako bat, 20 urte ondoren berriro lehiatuko baita. Andoitz Aranburu ordezkariak azaldu duenez, "ez da erraza urtero maila guztietan bikoteak osatzea herri txiki batean", baina aurten lortu dute.
Kadete mailan Urki Iturbe, Xabi Insausti eta Ekain Irizar ariko dira; gazte mailan, Auritz Iturbe, Egoi Aranburu eta Olatz Insausti; eta nagusietan, Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi. Azken maila horretan, gainera, bikote sendoa dutela azpimarratu du Aranburuk, Mendizabal profesional ohia dela nabarmenduta. Helburuei dagokienez, argi dute: "Parte hartzea da gure helburu nagusia, presio handirik gabe".
Asteburu honetan hasiko dute txapelketa, kanpoan, eta maiatzaren 8an jokatuko dute itzulerakoa, Antzuolan. "Gure lehen helburua lehen kanporaketa pasatzea da, eta, zergatik ez, final-laurdenetara edo finalerdietara iristea. Finala izugarria izango litzateke, baina hori urruti ikusten dugu".
Aretxabaletak, etxean debuta.
Aretxabaletak zapatu honetan hasiko du txapelketa, Alegiaren aurka, etxean. Kadeteek 10:30ean jokatuko dute eta nagusiek, 12:00 aldera. Hauxe dio herriko ordezkari Juan Mari Errastik: "Bikote ona osatu dugu, eta Aritz Zugasti puntakoa da nagusietan". Hiru mailetako bikoteak honako hauek izango dira: kadeteetan, Asier Elkorobarrutia eta Peio Jauregi; gazte mailan, Egoitz Ibabe eta Unax Gonzalez; eta nagusietan, Aritz Zugasti eta Ager Lanzos.
Errastik azpimarratu du etxean hasteak garrantzia duela: "Motibazioa eta ilusioa eragiten die pilotariei". Gainera, bailaran lau herrik parte hartzea albiste pozgarria dela gaineratu du. "Aurten talde onak ditugu. Zozketa ez da gure aldekoa izan; hala ere, partidu onak egiteko gogoa dugu. Horrenbestez, gure aldeko emaitzak eskuratzen saiatuko gara".
Bergara, final-laurdenetan
Bergarak zuzenean bigarren kanporaketan ekingo dio txapelketari, iaz final-laurdenetara iritsi zelako. Julen Aranbururen hitzetan, lehen helburua "kanporaketa gainditzea" da. Bergarako ordezkaritza zabala izango da: kadeteetan, Urko Muruamendiaraz, Oier Fernandez eta Aimar Olano; gazte mailan, Aritz Etxabe eta Aitor Kontreras; eta nagusietan, Ander Etxaniz, Aratz Ormaetxea, Gorka Martin eta Arri Otermin.
Nagusien mailari dagokionez, itxaropen handia dute; batez ere, Etxanizen mailagatik. Lehen partida Donostian edo Villabona- Amasan jokatuko dute, eta itzulerakoa Bergaran izango da, jai giroan. "Jendearen bultzada espero dugu", adierazi du Aranburuk.
Oñatik, talde orekatua
Oñatik ere talde sendoa aurkeztu du aurten. Ander Biain ordezkariak azaldu duenez, "azken urteetako talde orekatuena" dute, nahiz eta aurkari zaila egokitu zaien: Aduna. Oñatiko pilotariak honako hauek izango dira: kadeteetan, Peru Gezalaga eta Mikel Egurbide; gazte mailan, Liher Errasti eta Iker Rodriguez; eta nagusietan, Mikel Ugarte eta Iñigo Erle.
Zapatu honetan jokatuko dute joaneko partida, 18:30ean, eta itzulerakoa Oñatin izango da, San Migel Txiki jaietan. "Normalean, jende asko etortzen da, eta aurten ere giro ona espero dugu", nabarmendu du Biainek.
Eskupilota, bizirik bailaran
Ordezkariek nabarmendu dutenez, eskupilota bizirik dago Debagoienean, nahiz eta zenbait mailatan pilotari kopurua osatzea zaila den. Herri handiagoek jarraikortasun handiagoa duten arren, Antzuolaren itzulerak erakusten du ilusioa badagoela.