Euskal komunitatea trinkotzeko helburuarekin, abian da Herritu ekimena

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko apirilaren 30a

Herritu ekimenaren Oñatiko saioa, joan den astean. Argazkia: Oñatiko Gure Esku.

Gure Esku mugimenduak iaz hasitako Herritu ekimena, "euskal komunitatea osatzeko norbanako ekintza", joan den astean aurkeztu zuten Debagoienean; Oñatin eta Arrasaten egin dituzte horren berri emateko saioak.

Herritarren arteko loturak sendotu eta euskal komunitatea trinkotzea helburu duen Gure Esku mugimenduak sustatutako Herritu ekimena aurkeztu zuten iaz azaroan, lehen aldiz. Ostean, Durangoko Azokan martxan jarri zuten, eta ordutik herriz herri ari dira zabaltzen.

Debagoienean joan den astean egin zituzten aurkezpenak, Oñatin eta Arrasaten. Horrez gain, Joserra Ariñok eta Miren Gurutze Undak, Arrasateko Gure Eskuko kideek, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, Goiena telebistako Berbagai saioan parte hartu zuten.

Helburu kolektiboa 

Sustatzaileek azaldu dutenez, Herritu norbanako ekintza bat da, autoafirmazio ariketa moduan ulertua, baina helburu kolektiboa duena: euskal komunitatea osatu eta indartzea. Horretarako, euskal herritartasuna adierazteko hainbat euskarri sortu dituzte –pina eta txartela, baita haren bertsio digitala ere–, baina azpimarratu dute ekintza bera dela garrantzitsuena. Euskarri fisiko horien bidez, kanpora eta barnera begira "komunitate baten parte garela" adierazi daitekeela azaldu dute Arrasateko kideek.

Ekimenak hainbat oinarri sinboliko eta politiko argi ditu: Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela aldarrikatzea, euskara berezko hizkuntza gisa aitortzea eta herritarrek etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela defendatzea. Era berean, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko burujabetza-tresnak beharrezkoak direla azpimarratu dute.

EHNArekiko aldeak

Herritu ekimenak baditu antzekotasunak Udalbiltzak sustatutako Euskal Herriko Nortasun Agiriarekin (EHNA), baina alde nabarmenak ere badira: bi egitasmoek euskal herritartasuna adierazteko tresnak eskaintzen dituzten arren, Herritu ez da instituzioek bultzatutako ekimena, herri ekimenetik sortua baizik.

Bestalde, Herrituk ez du inoren nortasuna egiaztatzeko funtziorik: parte hartzaile bakoitzak berak erabakitzen du txartelean zer datu jarri; izen-abizenak, herria eta sinadura, esaterako. EHNAren kasuan ez bezala, beraz, borondatezko eta autoafirmazioan oinarritutako tresna da, eta ez norberaren identifikazio formalerako balio duena.

Datu-bilketarik ez 

Hortaz, txartelean norbanakoak erabakitzen du zein datu jarri, eta, gainera, plataformak ez ditu bertako datuak jasoko. Ariño Gure Eskuko kideak argi azaldu du nahi bada erregistro digital bat egin daitekeen arren ez dituztela bertan datu pertsonalak jaso nahi; txartelaren datuak ez dira inongo datu-basetan gordeko. Ekimenean parte hartuta, norbanakoek adieraziko dute "euskal komunitateko kide" direla eta komunitate horren "zutoinekin" bat egiten dutela.

Eguneroko presentzia

Arrasateko ordezkarien arabera, erronka nagusietako bat Gure Esku egitasmoa egunerokoan presente mantentzea da. "Ekintza bat dagoen bakoitzean, jendea berpiztu egiten da", adierazi du Undak, baina ohartarazi du egunerokoan aktibotasun hori mantentzea dela zailena. Ildo horretan, Gure Esku mugimenduak sortu zenetik, 2013az geroztik, egindako ibilbidea gogora ekarri zuten Berbagai saioan, eta balioa eman zieten urte hauetan guztietan egindako askotariko ekintzei.

Horregatik, Herritu egitasmoarekin ere herriz herri dinamika aktiboak sortzea dute helburu, besteak beste, atxikimendu guneak irekiz eta Herritu Egunak antolatuz, ekimena bizirik mantendu eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Nola eskuratu

Arrasateren kasuan, bertan dago nazio mailako egoitza, eta ostegun arratsaldeetan seietatik zazpiak arte bertan eskuratu daitezke. Era berean, bailarako ordezkariek egun esanguratsuetan kalera ateratzeko nahia plazaratu dute, nahiz eta oraindik ez duten finkatu noiz edo non. Webgunean ere eskuratu daiteke –www.herritu.eus–. Herritarrek 10 euroko ekarpena egin beharko dute; 5 eurokoa, 20 urtetik beherakoen kasuan.

Aurrera begira, ekimena indartzen jarraitzeko asmoa dute, eta maiatzean hiriburuetan ekintzak egitea aurreikusten dute. Sustatzaileek diotenez, "luzerako bidea" da, baina pixkanaka euskal komunitatea sendotzen laguntzea dute xede. Ariñok argi dauka zein den egitasmoaren helburua: "Txingarra mantentzea, sua behar denerako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak