Langileen Nazioarteko Eguna da Maiatzaren 1a eta bihar, egubakoitza, ELA zein LAB sindikatuek mobilizatzera deitu dituzte Debagoieneko langileak. Mobilizazio bana egingo dute sindikatuek. ELAk, esaterako, Bilbon mobilizatuko ditu eskualdeko langileak. Jesusen Bihotza plazan abiatuko dute manifestazioa, 11:30ean. LABek, berriz, Eibarko kaleak hartuko ditu; 12:30ean Untzaga plazatik abiatuko da manifestazioa. 14:30ean bazkaria egingo dute plazan bertan eta Bergarako Nebar taldeak girotuko du bazkalostea.
Langileen alde, gerraren aurka
Langileok eragin lelopean mobilizatuko da LAB Maiatzaren 1ean. Azaldu dutenez, hiru oinarriren gainean egin dute deialdia: "Langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatzen ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea; kalitatezko zerbitzu publikoak; eta soldata nahiz pentsio duinak".
Hala ere, mobilizatzeko beste hainbat arrazoi gaineratu dituzte, eta egungo egoera geopolitikoari begira jarri da sindikatua: "Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jo-puntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da". Horrenbestez, gerraren aurkako aldarria ere zabalduko dute: "LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren 1ean".
Martxoaren 17ari segika
SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte leloa aukeratu du ELAk mobilizaziorako. Hala, martxoaren 17an egindako greba orokorraren aldarriari jarraika aterako dira kalera: "ELAk areagotu egingo du Hego Euskal Herrirako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzeko ahalegina –aurten, gutxienez, 1.500 euro–: Maiatzaren 1ak bide honetako mugarria izan behar du".
Sindikatuak nabarmendu du gutxieneko soldataren auzia oinarrizko puntua dela eurentzat, eta norabide horretan mobili- zatzen jarraituko dutela: "Hemengo LGS bat aldarrikatzea ELAren estrategiaren oinarrizko puntua da; sektore askotako negoziazio kolektiboan ere erronka eta faktore erabakigarria da".
Gaineratu dute borroka ez dela zerbait isolatua, eta gutxieneko soldataren aldarriak ikuspuntu feminista bat eta ikuspuntu antirrazista bat ere baduela, soldata igoerak emakume eta pertsona migratuei eragingo liekeelako, batik bat. Horregatik, bi aldarri horiek ere presente izango dira maiatzaren 1eko manifestazioan.
Antifaxismoarekin ere lotu dute aldarria: "Eskuina eta eskuin muturra LGSren kontra agertzeak pista bat ematen du: faxismoa gora doanean, soldaten aldeko borroka, definizioz, ekintza antifaxista da".