Zapatuan, Donostiako Kursaal Jauregian egindako Laboral Kutxaren Batzar Orokorra "balantze apartarekin" itxi dutela iragarri du kreditu kooperatibak. Izan ere, 305 milioi euroko irabazi finkatuarekin eta funts propioen gaineko %12,68ko errentagarritasunarekin amaitu zuten iazko urtea. "Datu hori erakunde handiagoen parekoa da, baina askoz ere kaudimen-maila zabalagoarekin lortu da", adierazi du Laboral Kutxak.
Lortutako emaitzak
Kooperatibak aipatutako kaudimen-maila, esaterako, %26,22an kokatu da –%12,085ekoa eskatzen dute–, likidezia, %572,3an kokatu da –araudiak eskatzen duenaren boskoitza–, Berankortasun-tasa %2tik beherakoa izan da eta eraginkortasuna, ostera, %45,24koa. Bestalde, negozio-bolumen osoak, 50.000 milioi euroak gainditu ditu lehen aldiz, eta zifra hori "mugarria" dela diote Laboral Kutxatik.
Horrekin lotuta, inbertsio-funtsek kudeatutako ondarea %25 handitu dute. Hipoteken formalizazioan %39ko hazkundea izan dute, eta, saldoetan berriz, %7koa –%10a enpresa ertain eta handietan–. Azkenik, Katalunian izandako hedapena ere azpimarratu dute: sei bulego –bost partikularrentzako eta bat enpresentzako–, 30 profesionaleko lantaldearekin, ia 125 milioi euroko bolumen-hazkundea lortu dute bertan.
Adimen artifizialari begira
Batzar Orokorrean, Adolfo Plazak Mondragon ekosistemaren "balio estrategikoa" nabarmendu zuen "eraldaketa teknologikoa bermeekin gidatzeko", bereziki Mondragon Unibertsitatearekin eta Ikerlanekin duen lankidetza estua azpimarratuz. Testuinguru horretan, Laboral Kutxa adimen artifiziala txertatzen ari da eta konputazio kuantikoa aztertzen, inbertsioak eta aseguru-negozioa optimizatzeko. Bide hori indartzeko, 111 ekimen biltzen dituen Teknologiaren Plan Gidaria jarri du abian.
2026rako proiekzioak
Azkenik, Xabier Egibar zuzendari nagusiak, 2026rako irabazien %5 inguruko hazkundea aurreikusi zuen, "inflazio-tentsioen eta eszenatoki geopolitikoaren aurrean zuhurtziari eutsiz, baina enpresen eta kooperatiben ehunaren erresilientzian konfiantza osoa izanda". Amaieran, Adolfo Plazak hazkundeak helburu zabalagoa duela azpimarratu zuen: "komunitate bidezkoago eta jasangarriagoak eraikitzea, kooperatibaren funtsari eutsiz".