Gaur egun, Gipuzkoak 31 tokiko zaintza ekosistema ditu martxan, 32 udalerriren ekimenari esker, eta 7.920 pertsonari ematen diete arreta. Sareak, gainera, 560 eragile baino gehiago biltzen ditu, tartean 167 senide, 128 zaintzaile eta 267 komunitate eta erakundeetako ordezkari. Azken urteotan izandako hazkundea nabarmena izan da: 18 ekosistematik 31ra igaro da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,7 milioi euroko inbertsioa egin du eredua garatzeko.
Jardunaldian izan dira, besteak beste, Eider Mendoza diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua. Era berean hiru udalerrietako ekosistemen esperientziak ezagutzeko aukera izan da, Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe, Hondarribiko Gizarte Politiketako ziengotzi Josu Peña eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren eskutik. Besteak beste, mendekotasunaren arretan, nahi ez den bakardadearen aurkako jardunean eta gizarteratzean sakondu dute.
Aldundiak azpimarratu du zaintza eredu komunitarioak gero eta eragin handiagoa duela pertsonen ongizatean, eta lankidetzan oinarritutako ikuspegia funtsezkoa dela haren garapenerako. Ereduak, gainera, prebentzioa, pertsonalizazioa eta komunitatearekiko lotura ditu oinarri.
Hedapen esanguratsua eta eragin soziala
Tokiko zaintza ekosistemek dagoeneko eragina dute gizarte zerbitzuen hainbat arlotan, besteak beste mendekotasunaren arretan, prebentzioan eta gizarteratzean. Garapena anitza da, eta udalerrien arabera heldutasun maila desberdinak badaude ere, azken urteotako hedapenak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa ekarri du.
Ekosistemak lurralde osora zabaldu dira, eta, besteak beste, Donostian, Arrasaten, Zarautzen, Hernanin, Errenterian edo Debagoieneko hainbat udalerritan daude martxan.
Hazkunde horren atzean, neurri handi batean, nahi ez den bakardadearen aurkako ekimenetan lanean ari ziren udalerrien integrazioa dago, Adinberri Fundazioaren Hariak estrategiaren barruan. Estrategia horrek koordinazioa, prebentzioa eta komunitate lana sustatzen ditu.
Kogobernantza eta marko normatiboa
Ereduaren beste ezaugarri nagusietako bat da kogobernantza, udal eta foru erakundeen arteko lankidetzan oinarritua. Tokiko talde eragileen bidez eta lanerako espazio partekatuen bidez egituratzen da, estrategia bateratuak garatzeko.
Bestalde, marko normatibo sendoa eraikitzeko lanean ere ari da Aldundia. Oinarrien dokumentua eta dekretuaren zirriborroa 200 profesional baino gehiagoren parte-hartzearekin landu dira, hainbat gobernantza-esparrutan oinarrituta.
Etorkizuneko erronkak
Aurrera begira, lau ildo nagusitan egingo du lan Aldundiak: zerbitzuen eraldaketan, arreta pertsonalizatua indartuz eta baliabideak ekosistemetan integratuz; eraldaketa digitalean, Datuen Plataforma Federatua garatuz; arlo normatiboan, dekretua onartuz; eta jasangarritasunean, finantzaketa egonkorra eta kostuen analisia garatuz.
Ereduaren garapena etengabeko monitorizazioarekin osatzen da. Lehen fase batean, udalerriekin autodiagnostikoak egin dira, eta bigarren fasean tokiko ekosistemak bertatik bertara aztertzen ari dira. 2026an, erabiltzaileen eta profesionalen ikuspegia ere txertatuko da, eredua hobetzen jarraitzeko helburuarekin.