1999an, Debagoienean, 2.179 ustiategi zeuden; 2024an, aldiz, 402 baino ez

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko apirilaren 24a

Ganadua Behi-Alde kooperatibako zelai batean.

Erreleboa da lehen sektorearen biziraupena ziurtatzeko bultzada garrantzitsua, baita norbanakoek egunerokoan egiten dituzten hautuetan, tokiko produktuen alde egitea ere. 

Lehen sektorea izan da aste honetan Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioaren ardatza, eta utzitako ondorioa argia da: azken hamarkadetan beheranzko joera etengabea izan du sektoreak. Eustatek 2024rako jasotako datuek egoeraren dimentsioa agerian uzten dute. Debagoienean 1999an 2.179 ustiategi zeuden; 2024an, aldiz, 402 besterik ez; %81,5 desagertu dira 25 urtean. Antzeko joera izan da Euskal Autonomia Erkidego osoan ere: %76ko beherakada metatu da. Gipuzkoan jaitsiera apalagoa izan da, %72,5ekoa; Debagoieneko datuek erakusten dute eskualdearen jaitsiera bereziki nabarmena dela.

Buru gehiagoko azienda gutxi 

Ustiategi kopuruak behera egin du, eta bizirik iraun dutenek handitzeko joera izan dute. Lurraren kontzentrazioa nabarmena da: batez besteko azalera 12 hektareatik 13,4 hektareara igo da. Horrek erakusten du sektorea egituraz aldatzen ari dela, ustiategi gutxiago baina handiago eta espezializatuagoekin; izan ere, baserri oso dibertsifikatuak jardunbide zehatzetara bideratu dira.

Baserri oso dibertsifikatuak, jardunbide zehatzetara bideratu dira

Sektorearen beherakada eta eraldaketa horien atzean arrazoi ugari daude. Garikoitz Ayestak, Deba Garaia Landa Garapen Elkarteko teknikari-kudeatzailek, azaldu du azken hamarkadetan Europako Batasunetik bultzatutako nekazaritza politikek baserrien espezializazioa sustatu dutela, dibertsifikazioan oinarritzen ziren ereduen kaltetan.

Bestalde, lurraren eskuragarritasuna gero eta mugatuagoa da: industrialdeen eta eremu urbanoen hedapenak nekazaritzarako lur egokiak murriztu ditu, eta prezioen garestitzeak sarbidea zaildu du, batez ere, belaunaldi berrientzat.

Gizarte aldaketek ere eragin zuzena izan dutela dio Ayestak. Elikadura ohiturak eta aisialdi ereduak transformatu egin dira, eta baserriaren kultura ez da lehen bezala transmititzen. Horri industrializazioaren eragina gehitu behar zaio: Debagoienean, bereziki, industriak lan aukera egonkorrago eta erakargarriagoak eskaini dituelako.

Erreleboa, zalantzan

Egun, sektorearen profila zahartuta dago. Debagoienean ustiategien arduradunen batez besteko adina 57,5 urtekoa da, eta gehienak gizonezkoak dira, %74,5; emakumeen presentzia %25,6ra mugatzen da. Datuak "kezkagarriak" dira eta baserri askok jarduera uzteko arriskua agerian uzten dute; horren lekuko da azken urtean Debagoien osoan gazte-instalazio bakarra jarri dela martxan.

Hala ere, badira sektorean aldaketa zantzuak. Azken boladan gazte batzuk sartu dira sektorean eta emakume titularren kopurua ere handitu egin da. Kudeaketa ereduan ere, nagusi ziren proiektu indibidualen aurrean, geroz eta gehiago dira egitasmo kolektiboak. Eredu horiek lan-baldintzak hobetzeko aukera ematen dute; besteak beste, ordezkapenak eta bajak errazago kudeatzeko.

Azken boladan gazte batzuk sartu dira sektorean eta emakume titularren kopurua ere handitu egin da

Erronkak, aurrera begira

EAEn, erretirotik gertu dauden 1.500 ustiategiren etorkizuna bermatzea jarri da helburutzat. Horrenbestez, erreleboa bermatzea gako nagusia izango bada ere, adituek norbanakoen ohiturak jartzen dituzte erdigunean. "Nekazaritza-politikarik eraginkorrena" norberak egiten duela diote, eguneroko hautuetan, tokiko produktuen alde egiteak zuzenean eragiten baitio sektorearen biziraupenari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak