Maiatzaren 1ean manifestazioa egingo du LAB sindikatuak Eibarko Untzaga plazatik hasita, 12:30ean. Gutxieneko soldata eta pentsio duinak, eta arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakala etetea aldarrikatuko dute: "Zerbitzu publikoak sendotzea, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko; etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitzea; eta industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatzea".
Nazioarteari begira, "zanpaketa eta gerra nonahi" ikusten dutela argudiatu du LABek: "Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran, zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jo-puntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da".
Ildo beretik, aipatu dute patronala saiatuko dela Ekialde Hurbileko gerraren faktura "langileei ordainarazten, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez, finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala". Hala, LABek "irmoki" adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean.
Gogora ekarri dute martxoaren 17ko greban 100.000 lagun baino gehiago irten zirela kalera Hego Euskal Herrian, "langile eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaiela" adierazteko. Hala ere, patronalak greba orokorraren aurrean "entzungor" egin duela salatu dute.
Azkenik, keinu egin diete enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileei, besteak beste, Aiaraldeko Maderas de Llodio eta Tubos Reunidosekoei.
Manifestazioaren ostean, 14.30ean, bazkaria egingo dute Untzaga plazan, eta ondoren Nebar talde bergararraren kontzertua egingo du.