VI. Señora Sariketa aurkeztu dute

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 21a

Pasa den larunbatean, apirilaren 18an, aurkeztu zuten Señora Sariketako seigarren edizioa Legazpiko gaztetxean. Bi kanporaketa eta finala izango dira aurtengoan. Saio guztiak gaztetxeetan ospatuko dituzte.

Ordu bietan izan zen zita, eta sariketa aurkezteaz gain, bideokliparen proiekzioa, kamiseten aurkezpena eta bertso-paper lehiaketaren azalpena egin ziren. "Aurreko urteko edizioan plaza utzitakoak kantura bueltatzeko ahalegin izugarria egin zen, eta aurten ere, bide horri jarraika, bertso paperen bidez plazan ez dabilen jendea bertsotara animatu nahi da".

Bertso-bazkari formatuan egin zuten aurkezpena, eta Maider Arregi eta Oihana Arana bertsolari debagoiendarrek girotu zuten bazkalostea, Uxue Fernandezen gidaritzapean. Hirurak aurreko Señora Sariketako antolakuntzan aritu ziren, eta hori aitortu nahi izan diete aurtengo antolatzaileek. 

Bi saio eta finala

Sariketaren seigarren ediziorako bi kanporaketa eta finala antolatu dituzte. Saio bakoitzean, sei bertsolari arituko dira kantuan, eta kanporaketa bakoitzetik hiru pasatuko dira final handira. Bi kanporaketak 18:00etan hasiko dira, eta 10 euroko prezioa izango du sarrerak. 

Lehendabizikoa, Baionako Zizpa gaztetxean izango da, maiatzaren 16an. Bertan, Nahia Etxeberri Lopepe, Maider Altuna Urbina, Ana Picallo Perez, Maddi Agirre Epelde, Oihana Iguaran Barandiaran eta June Astegieta Unzaga bertsolariek kantatuko dute. 

Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean izango da bigarren kanporaketa, maiatzaren 23an. Kelmene Abaitua Ixazelaia, Antton Fernandez Lasa, Kattalin Lizarraga Mendia, Irantzu Idoate Funosas, Kattin Madariaga Apaolaza eta Nahia Sasco Etxeberri arituko dira bertsotan. 

Finala, berriz, ekainaren 6an, Plentzia-Gorlizko Denontzat gaztetxean ospatuko da. Finalaren aurretik bazkaria egongo da, sare sozialen bidez irekiko da izena emateko epea. 

Maialen Cadavid Echevarriak, Ibai Lekuona Darcelesek, Klari Schmidt Lizardek eta Begoña Goirienak egingo dituzte epaile lanak. Finalean, aurreko urteko pameladunak ere epaile-lanetan arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak