Zapatu honetan Kubarako bilketa solidarioa egingo du EHKSk

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 21a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Euskadi-Cuba Elkartearekin elkarlanean, bilketa solidarioa antolatu du. Debagoienean Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan izango da materiala uzteko aukera; apirilaren 25ean, zapatua. 

EHKSk Kubarako bilketa solidarioa antolatu du zapatu honetan. Bailarako herri desberdinetan egingo dituzte bilketak: Arrasaten, Eroski handian eta Sebero Altube plazan 10:00etatik 13:00etara; Aretxabaletan, Eroski handian 10:00etatik 13:00etara; Bergaran, Azokan eta Eroskin 10:00etatik 14:00etara eta Oñatin, Eroski handian, BMn eta Kooperatiban 9:00etatik 14:00etara. Mota guztietako materiala biltzeko eskatu dute: 

  • Material sanitarioa: 2027ko ekainetik aurrera iraungitzen diren medikamentuak, mota guztietako produktu sanitarioak, ekipo medikuak, tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak, preserbatiboak...
  • Elikadura-osagarriak: bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega 3), probiotikoak. 
  • Elikagai ez galkorrak: janari enlatatua (ahal dela, mailatu gabeko metala), aleak (arroza, zerealak, lekaleak), pastak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa, tomatea briketan. 2027ko urtarriletik aurrera iraungitzen direnak. 
  • Higiene materiala: konpresak, tampax-ak, toallatxoak, pixoihalak (haurrentzat eta helduentzat).
  • Kirol materiala: baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak, ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, takodun motak...).
  • Ikasmateriala: eskolarako materiala (arkatzak, boligrafoak, koloretako pintura eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak...). Testu-liburuak eta entziklopediarik ez. 
  • Garbitzeko materiala: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzailea...

Plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpena egiteko aukera egongo dela adierazi du Kontseilu Sozialistak, eskudirutan bilketa postuetan edo kontu korronte bidez: ES35 3035 0134 43 1340059271.

Bilketa eskoletan

Zapatuko bilketez gain, aurreko astetik IAS ere bilketa aurrera eramaten dabil Debagoieneko eskola desberdinetan. Arrasateko Gaztelupe eta Arrasate BHIn bilketak egin dituzte; eta Bergarako Ipintzan eta Oñatiko Elkar Hezin eta Txantxiku Ikastolan bilketak egiten dabiltza. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak