"Matarazzok eta taldeak finala oso ondo prestatu dutela nabaritu da"

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko apirilaren 19a

Argazkia: Real Sociedad.

Elene Guridik, Manu Diazek eta Rafa Mungiak Realaren garaipen historikoa Sevillan bizi izan zuten. Finalean eta aste bukaera osoan bizitakoaren inguruan berba egin dute GOIENArekin.

 

Elene Guridi, Realeko jokalaria: "Dena oso gertutik bizitzeko aukera izan genuen"

Emozio handiarekin bizi izan zuen Realaren atzoko garaipena Elene Guridi Realeko jokalariak. Gainera, zelaian taldeko guztiekin batera ospatu ahal izan zuen: "Zelaian, korner baten bigarren ilaran egon ginen partidua ikusten. Gainera, zortea izan genuen, izan ere, bukaerako penaltien aldean geunden eta azken penaltia ere gure ondo-ondoan ospatu zuten, beraz, dena oso gertutik bizitzeko aukera izan genuen".

Partidua tentsio handikoa izan zela azpimarratu du: "Lehenengo minututik alde jarri zen partidua, baina finala izatera, nerbio handiekin bizi izan nuen. Gainera, bi aldiz berdindu ziguten. Uste dut tentsio handiko finala izan zela".

Egubakoitz goizean entrenatu ostean joan zen Guridi Sevillara taldekideekin eta egubakoitz gauerako iritsi ziren. Zapatuan, beste gipuzkoar guztiak bezala, kalean ibili ziren, dio “edozein lekutan" zeudela Realeko zaleak. Trianan bazkaldu zuten, "jende mordoa zegoen eta sekulako giroa". Eguna "borobila" izan zela dio.

 

Rafa Mungia, Radio Euskadiko esataria: "Matarazzorena mirari bat izan da"

Atzo Radio Euskadiren esatari bezala aritu zen Rafa Mungia arrasatearrak, garaipenaren zoramenaren ostean, ahotsa guztiz urratuta, "oso emozionantea" izan zela azpimarratu du: "Finalak erakutsi du futbolak protagonista 'xumeei' euren momentua gordetzen diela. Zubietako langileak, jokalariak, itzalean daudenak, Marrero, Aihen edo Marin bezalako 'bigarren mailako' jokalariak. Hori da Realaren indarra. Eta horri mende honetako Realeko jokalaririk onena (Mikel Oyarzabal) batzen badiozu…".

Gainera, entrenatzailearen lana goraipatu du Mungiak: "Matarazzorena mirari bat izan da. Lau hilabetetan taldeari horrela buelta ematea… Ez dut horrelako fenomenorik ikusi. Jende oso gutxik ezagutzen zuten, eta asmatu egin dutela aitortu behar da. Gainera, Matarazzok Reala nola ulertu duen azpimarratuko nuke; jendeak zer baloratzen duen jakiten asmatu du".

"Zaleen erantzuna ikaragarria izan zen. Harmailak, hiria… Partida aurrera zihoan heinean Zaragozako finalaren antza hartzen ari zela ikusi genuen. Edozein kolpe jasota burua altxatzen zuen Realak", nabarmendu du Arrasateko kazetariak.

 

Manu Diaz, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea: "Realaren lorpen historikoa izan da eta baita Gipuzkoako futbolarena ere"

Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Manu Diaz bergararrak Cartujako palkotik jarraitu zuen Realaren garaipena: "Egun oso luzea eta polita izan zen atzokoa. Egunean zehar jendearekin kalean ibili ginen, eta arratsaldean trajea jantzi eta estadiora. Sekulako giroa, oso-oso giro polita egon zen. Tentsio handiko partida izan zen, emaitzagatik, baina bi taldeak bikain aritu ziren. Eta Reala oso lehiakor. Ondo prestatu zuten finala, eta espero ez genituen heroiak agertu ziren (Marrero, Marin…)".

Partidan zehar moduak zaindu behar izaten dituzte palkoan, baina Marinen golarekin salto egin zuela aitortu du bergararrak: "Bost urte daramatzat palkoetan partidak ikusten eta tentsio horri eusten eta kodea errespetatzen ikasten duzu. Hala ere, Pablo Marinek gola sartu zuenean sekulako jauzia eman nuen. Aitortu behar dut ere, zer nolako lasaitasuna eman zidan Marrerok. Bere momentua izango zela nabaritu nuen".

"Realaren lorpen historikoa izan da eta baita Gipuzkoako futbolarena ere. Ezin da ulertu Reala Gipuzkoako futbolik gabe. Guri kristoren indarra ematen digu lorpen honek eta aurrera begira jarraitu behar dugu. Gipuzkoako gizartearentzat une berezia da hau", nabarmendu du Diazek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak