39 urte geroago, Marrero Arconada izan da

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko apirilaren 18a

Atletico Madrilen aurkako Espainiako Kopako final handia irabazi dute txuri-urdinek, penaltietan, partidako 90 minutuetan eta luzapenean lan handia egin ostean (2-2). Marrero atezainak bi geldiketa erabakigarri egin ditu penaltietan, eta garaipenaren gola Pablo Marinek lortu du.

Realak penaltietan eskuratu du bere historiako laugarren Kopa, Atletico Madrilen aurka Sevillako Cartuja estadioan jokatu den finalean. Eta duela 39 urte Zaragozan jokatutako finalean gertatu moduan, orain ere atezain txuri-urdina izan da penaltietan protagonista. Orduan Arconada, orain Marrero.

Pablo Marinena, azkena

Pablo Marinek lortu du garaipenaren gol erabakigarria. Unai Marrero atezainak sekulako norgehiagoka jokatu du penaltietan bi geldiketa erabakigarri eginda. Partidako 120 minutuetan 2-2 berdindu dute bi taldeek eta Gipuzkoako taldearen golak Barrenetxeak eta Oyarzabalek (penaltiz) egin dituzte.

Lehenengo zatia

Finala ezin hobeto hasi du Realak, norgehiagokako 15. Segundoan lortu baitu 0-1ekoa. Guedesek erdiraketa ederra jarri du ezker hegaletik, eta Barrenetxeak, buruz, baloia sare barrura bidali du. Amestutako hasiera izan da txuri-urdinendako.

Golaren ostean, Realak Atleticoren erasoaldiari eusteari ekin dio. Lerroak batu eta hutsuneak ondo itxi dituzte Matarazzoren mutilek, eta baloiaren jabetza Madrilgo taldearena izan da.

Erasoan askorik egin ez arren, markagailua berdintzea lortu dute zuri-gorriek, 18. minutuan, Ademola Lookmanek ezkerkada batekin gainditu baitu Marrero (1-1). Txuri-urdinen erantzuna azkar heldu da, eta Guedes zartakoa, gutxigatik joan da kanpora. Atleticoren golak, talde gipuzkoarra atzean sartu baino, erasora animatu egin du, eta aurrelari portugaldarrak beste aukera ona bat izan du 36. Minutuan. Hala ere, baloia zutoin albotik kanpora bidali du Guedesek.

Lehen zatiko 43. Minutuan, epaileak penaltia adierazi du Realaren alde, Musso atezainak buruan kolpatu baitu Guedes area barruan. Penaltia Oyarzabal kapitainak jaurti du, eta txuri-urdinek 1-2koa jarri dute markagailuan, atsedenaldia heldu aurretik.

Bigarren zatia

Atsedenaldiaren ostean, egokitzapen taktikoak egin dituzte bi entrenatzaileek, eta partidaren kontrola nahiko parekatuta egon da. Hala ere, markagailuan atzetik zihoan Atletico erasoan sakatzen hasi da apurka, eta aukera argiena Lookmanek izan du 59. Minutuan. Hala ere, nigeriarraren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da.

Realak ondo eutsi du defentsan, eta Jon Martin gazteak, batez ere, minutu bikainak jokatu ditu Julian Alvarez gelditzeko. Hala ere, Argentinako aurrelari trebearen jokaldi ikusgarri batekin heldu da 2-2koa, 83. Minutuan. Alvarezek ezkerkada batekin baloia sareetara jaurti du.

Simeonek aldaketekin asmatu egin du, eta Realak sufritu egin du defentsan azken minutuetan. Cardosok garaipenaren gola lortzeko aukera paregabea izan du 90. Minutuan, baina Marrerok sekulako geldiketa egin du, baloia kanpora bidalita. 2-2ko emaitzarekin neurketa luzapenera joan da.

Luzapena

Txuri-urdinek ondo hasi dute luzapena, eta apurka arriskua sortzen joan dira erasoan. 97. Minutuan gola lortzeko aukera oso argia izan du Oskarssonek, baina Mussok gelditu ikusgarria egin dio Realeko aurrelariari. 99. Minutuan Atleticoren erantzuna heldu da, eta Alvarezek baloia zutoinaren aurka jaurtik du.

Luzapeneko bigarren zatian, indarrak orekatuta egon dira berdegunean, eta txuri-urdinek baloiaren jabetza izan dute. Aritz Elustondo lesionatu egin den Aranbururen ordez zelairatu da.

Penaltiak

Lehenengo penaltia Sorlothek jaurti du eta Marrerok gelditu egin du norvegiarraren ezkerkada. Bigarren penaltia Solerrek jaurti du eta baloia sareetara bidali du (1-0). Hirugarren penaltia Julian Alvarezek jaurti du, eta Marrerok geldiketa ikusgarria egin dio. Laugarren penaltia Oskarssonenek jaurti du, eta islandiarraren zartakoa Mussok erraz gelditu du. Bosgarren penaltia Nico Gonzalezek jaurti du, eta baloia sareetara bidali du (1-1). Seigarren penaltia Sucicek jaurti du, eta gola eskuratu du (2-1). Zazpigarren penaltia Almadak jaurti du, eta gola lortu du (2-2). Zortzigarren penaltia Aihenek jaurti du, eta baloia sareetara bidali du (3-2). Bederatzigarren penaltia Baenak jaurti du eta gola lortu du (3-3). Penalti erabakigarria Marinek jaurti du eta baloia sareetara bidali du Realaren garaipena lortzeko (4-3).

Garaipenak zoramena eragin du harmailetan. Eta orduantxe ekin diete gau guztian luzatuko diren ospakizunei. Jokalariek, baina, Cartujan batutako zaleekin ospatu gura izan dute lehenengo, Aitor Zabaleta ahaztu gabe.

(Bideoa: Aretxabaletako Ametzueta taldea).

Erlazionatuak

Debagoiendarrak Sevillan

Mirari Altube Arrese api 16 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak