Pilotari profesional izandako Joxe Mari Barandiaran hil da

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 17a

Joxe Mari Barandiaran Retegirekin, txapelketetako bat irabazi ostean, txapelak buruan eta kopak eskuetan dituztela.

Martitzenean, apirilaren 14an, 80 urterekin hil zen Aramaioko Untzilla auzoan bizi zen Joxe Mari Barandiaran, pilotari profesional izandakoa. Besteak beste, Retegiren bikote izan zen hainbat txapelketatan.

1945ean Arrasaten jaio zen Joxe Mari Barandiaran, 21 urterekin pasa zen pilotarien profesional mailara eta bertan 22 urtez jardun zen. Tartean, 1981ean binakako txapelketan txapeldunorde izan zen Retegi II.-rekin batera.

Afizionatuetako urratsak horrela gogoratzen zituen, egindako elkarrizketa batean: "Orduan ez zen herri arteko txapelketarik, ez interdistritosik; orduan, Deba bailarako txapelketa egoten zen bakarrik; han jubeniletan txapeldun atera genuen, gero Donostian nengoela, han egin bainuen soldaduzka. Espainiako txapelketa jokatzen ibili nintzen, 19 urterekin hor ibili nintzen Bartzelonan eta abarretan; ez nintzen finalera heldu, nahiz eta ondo ibili, Bengoetxea eta Salaberriak irabazi ziguten; baina, hala ere, merezi zuen. Donostian, Antiguoko txapelketan ere jokatu nuen, gogoratzen naiz, ondo jokatzen nuela, gaztea eta sasoi onekoa nintzen, eta Alde Zaharretik eta Egiatik jende pilo bat joaten zen ni ikustera, frontoia bete bete egiten zen nik jokatzen nunean".

Elkarrizketa hartan dio 16 urterekin jantzi zela lehen aldiz zuriz, Arrasateko Deba bailarako txapelketarako. Eta afizionatuetan 21 urtera arte ibili ostean, profesionaletara pasa zen. Horrela gogoratzen zuen elkarrizketan: "Orduan Enpresas Unidas bakarrik zegoen hemen, pilotari asko zeuden baina beti bezala destakatzen genuenok aukera gehiago genuen. Nik zorte hori izan nuen eta pixkanaka jokatzen hasi, mailak igotzen, haseran 3. mailakoak eta denborarekin gora. Lehen kontratuan, 1.000 pezeta-edo kobratzen nituen, eta dirua zen ez zegoen eta zertan gastaturik. Etxean gustora hartu zuten, nire senide bat, amaren tarteko bat, pilotaria zen Montevideon Uruguayn, nahiko ona uste dut gainera. Beharbada, nik haren bidea jarritua nahi nuen".

Mendietarekin batera jokatu zuen profesionaletako lehen partidua eta denborarekin, Arroyorekin, Retegi I.-rekin, Ogetarekin edota Bergararekin jokatu zuen. Binakako txapelduna ere izan zen 1981ean, Retegi II.-rekin batera.

Martitzenean, apirilaren 14an hil zen, 80 urterekin.

Jose Mari Barandiaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak