Kopako finala eta Sevillako bidaia, debagoiendarren ikuspuntutik

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 17a

Sevillara bidaiatuko duten hainbat realzale.

Debagoineko realzale ugari dira dagoeneko Sevillan; beste batzuek gaur bidaiatuko dute bertara. Autoz, autobusez, trenez edo munduko beste puntatik etorrita, hegazkinez ere bai; kilometroak laburrago egiten baitira horrelako final baten aurrean. 

Milaka izango diren arren, zortzi debagoiendar elkarrizketatu ditugu finalaren atarian. Arrasateko Beñati Jimenez, Igor del Palacio, Maddi Gonzalez, Nahia Beitia eta Aitor Iraeta; Elgetako Idoia Serna; Aretxabaletako Endika de Tena, eta Bergarako Irati Eguren. Guztiak, Sevillan elkartuko ditu Realaren olatuak. 

Beñat Jimenez eta Igor del Palacio (Arrasate)

Kuadrilla eta lagun talde ugari joango dira Debagoienetik Sevillara. Horren adibide dira Beñat Jimenez eta Igor Del Palacio arrasatearrak. Biek ala biek "argi eta garbi" zuten urte hasieratik Realak finala jokatuko zuela eta Sevillara ikustera joango zirela; sarrerak ere lortu dituzte. "Sekulako giroa egongo da, gure asmoa zaleen gunean trago batzuk hartu eta Cartujan finala ikustea da plana", dio Jimenezek.  Autoz joango dira biak, "pare bat egun jai hartu ditut eta ostegunean Madrilera eta gero, Sevillara joango naiz", esan du Del Palaciok. Finala donostiarrek irabaziko dutela diote baina emaitzarekin desadostasunak dituzte: Jimenezek Reala 3-1 nagusituko dela dio; Turrientes, Caleta-Car eta Oyarzabalen golekin. Del Palaciok, aldiz, partidua 2-0 amaituko dela dio, Turrientes eta Guedesen golekin.

Idoia Serna (Elgeta)

Idoia Serna elgetarrak ez zuen 1987ko finala ikusteko aukerarik izan, eta aurtengoan ez du hutsik egingo. Lehenengo finala izango du; baita lehenengo aldia Sevillan. Mikeldi Garmendia senarra eta Josu Garmendia semea alboan izango ditu bidaian. "Hunkituta eta oso urduri nago, ordu asko pasatu ditut eramango dudan kamiseta hautatzen; azazkalak ere Realaren koloreekin margotu ditut". Elgetatik autokarabanan joan dira hirurak Sevillara; hori ere estreinakoz gidatuko zutela eta "urduri" zegoen Serna. Bada, GOIENAk jakin ahal izan duenez, arazorik gabe heldu dira bertara.

Endika de Tena (Aretxabaleta)

Endika de Tena aretxabaletarrak ordu gutxiago izango ditu Sevillara heltzeko. Gaur eguerdian lana amaitu eta "ahalik eta azkarren" Extremadurako Quintana de la Serena herrira joango da, han lo egiteko. Handik, zapatu goizean abiatuko da Sevillara, beste realzale batzuekin batera eta autobusean. Autobusak, zaleen gunean utziko ditu guztiak. "Jaio nintzenetik dut Realarekiko zaletasuna, pozik nago finala ikusteko aukera izango nuelako", adierazi du. Realak Oyarzabalen hat-trick batekin 3-2 irabaziko duela dio De Tenak: "Defentsa txarra dugu eta gol asko sartu beharko ditugu irabazteko".

Maddi Gonzalez eta Nahia Beitia (Arrasate)

Nahia beitia arrasatearrak, Burgosen ikasten du, eta Maddi Gonzalez lagunaren bila joan da Madrileko Barajas aireportura; Montevideon harrapatu baitu Realaren finalak. Gonzalezek atzo eguerdian hartu zuen hegazkina, eta gaur goizean heldu da Madrilera. "Baten batek zoratuta nagoela pentsatuko du baina Reala txikitatik bizi izan dut; izan ere, nire familia guztia Realekoa da, baina aitari zor diot zaletasuna; berarekin finala ikusteko etorri naiz", dio Gonzalezek. "Biharko plana Sevilla bisitatu eta zaleen gunera joatea da, Brigade Loco entzutera, eta, gero, txarangarekin batera joango gara Cartujara", esan du Beitiak. Batak, Realak 1-0 irabaziko duela uste du, besteak, aldiz, 2-1. 

Aitor Iraeta (Arrasate)

New Yorken, atzo, 22:00etan hartu zuen hegazkina Aitor Iraeta arrasatearrak, Goizean heldu da Madrilera eta trenez egingo du Sevillarako bidea. "Nire lagun batzuk ere jada Sevillara bidean daude, Salamancan egingo dute lo eta Sevillan elkartuko gara; nire familiakoak ere bertara doaz", esan du Iraetak. 2008an egin zen Realeko bazkide; aitarekin batera. Ordutik Realaren zale amorratua dugu Iraeta: "Berdin zait emaitza, oso zale optimista naiz eta argi dut irabaziko dugula".

Irati Eguren (Bergara)

Irati Eguren bergararra aitarekin doa gaur Sevillara, autoan. Asteburua han pasako du hotelean: "Plana, ondo pasatzea da, Sevillatik buelta bat eman eta gero zaleen gunera joatea". Realak jokatuko duen partidua "zaila" izango dela dio baina "esperantza" ez du galdu. "Reala animatuko dugu, eta Kopa irabazten badugu, primeran!", amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak