Azken ikerketak eta datu soziolinguistikoak kontuan hartuta, hamar urte barru arnasgunerik gabe geratzeko arriskua dagoela adierazi du UEMAk. Horri erantzuteko, Esnatu ekimena sortu du, 18 eragilerekin batera. Izan ere, era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunak bizirik mantendu daitezen eragileen konpromisoa sustatzea da ekimenaren asmoa. Fagorrek, lan munduan euskararen normalizaziorako plangintza aurreratua duen enpresa moduan, "euskara lan hizkuntza bezala lehenesteko eta hizkuntza irizpide aurreratuak ezartzeko" konpromisoa hartu du.
Ekimenaren aurkezpena pasa den martitzenean, apirilaren 14an, izan zen, Orioko arraun-etxean. Bertan, parte hartu duten hamazortzi eragileetako ordezkariak izan ziren. Tartean, Leire Okarantza, Fagor Taldeko Gestio sozialeko arduraduna.