Debagoieneko zale ugari joango dira, zapatuan, hilak 18, Sevillan Realak jokatuko duen finala bertatik bertara ikustera. Hala ere, bailarako bi herritan ere finala pantaila erraldoietan jarraitzeko aukera egongo da: Aretxabaletan eta Eskoriatzan.
Aretxabaletan, Ametzueta taldeak jarriko du pantaila, Mitarte kalean; Arluntz tabernaren aurrean. Taberna horren eta Udalaren laguntza izan dute ekimena antolatzerako orduan. Finala 21:00etan hasiko den arren, hiru ordu lehenagotik, musikarekin eta pintxo-potearekin girotuko dute gunea. Kamiseta txuri urdinarekin bertaratzeko deia ere zabaldu dute.
Eskoriatzan, eguraldiak laguntzen badu, Udalaren ekimenez jarriko da pantaila erraldoia, Herriko Plazan.
11 udalerri eta Debagoienekorik ez
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, 11 zaleen gune jarriko dituzte lurralde osoan banatuta, pantaila erraldoiekin. "Gipuzkoako biztanleriaren erdiak bere udalerrian izango du Errege Kopako finala jarraitzeko fan zone bat", adierazi du Aldundiak prentsa oharrean. Pantailak, herri horietako Udalekin elkarlanean jarriko dituzte, baina udalerri horien artean, ez dago Debagoienekorik.
Hauek dira Aldundiaren ekimenez, zaleen gunea eta pantaila erraldoiak jarriko dituzten udalerriak: Zumarraga, Tolosa, Zarautz, Lasarte, Zumaia, Hondarribia, Eibar, Elgoibar, Legazpi, Azkoitia eta Urretxu.