2025eko errenta kanpainan 446,5 milioi euro itzuliko die Foru Ogasunak Gipuzkoako zergadunei

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 15a

Irune Yarza, Itziar Agirre eta Yolanda Dominguez.

Foru Ogasunak egindako kalkuluen arabera, itzuli beharreko emaitza duten zergadunek 1.469 euro jasoko dituzte batez beste, eta ordaindu behar dutenek, berriz, 3.000 euro ordainduko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 446,5 milioi euro itzultzea –atzo arte 115.000 euro zeuden itzulita– eta 354 milioi euro ingresatzea aurreikusten du 2025eko errenta kanpainan. Foru Ogasunaren estimazioen arabera, kanpainaren azken saldoa 92,5 milioi eurokoa izango da, lurraldeko zergadunen alde. Itziar Agirre Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak goizean emandako datuak dira. Kanpainari buruzko xehetasunak eman ditu Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera.

Guztira, Foru Ogasunak 422.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du. Horietatik, espero du 304.000 itzultzekoak edo zero emaitzakoak izatea, eta 118.000 ingresatzekoak. Egindako kalkuluen arabera, itzuli beharreko emaitza duten zergadunek 1.469 euro jasoko dituzte batez beste, eta ordaindu behar dutenek, berriz, 3.000 euro ordainduko dizkiote batez beste Foru Ogasunari.

Autolikidazioen datuei buruz, Agirrek esan du aurten 295.852 autolikidazio proposamen
bidali dituztela, "aurreko kanpainan baino 10.257 proposamen gehiago, 328.833 zergaduni
eragiten dietenak (zergadun guztien % 70)".

Kenkariak eta ez behartuak

Errentaren kanpaina honetako berrikuntza nagusi gisa, Agirrek aipatu du "lehen aldiz aplikatuko direla erreforma fiskalean onartutako PFEZeko kenkari berriak". Kalkuluen arabera, "horiek zergadunen % 80ri egingo diete mesede". Gaineratu du onartutako kenkari hauek "eragin berezia" izango dutela Gipuzkoako gazteengan. Zehazki, kenkari horiek 18 eta 36 urte bitarteko 45.000 gazteri mesede egitea aurreikusten du.

Bestalde, gogora ekarri du, "20.000 eurotik beherako lan etekinak dituzten pertsonak ez daudela aitorpena aurkeztera behartuta". Era berean, ezabatu egin da 2024ra arte indarrean zegoen derrigortasuna, zeinaren bidez 14.000 eta 20.000 euro arteko bi lan etekin edo gehiago jasotzen zituztenek errenta aitorpena egin behar baitzuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak