Neurri fiskal berriak onartu ditu Aldundiak, "Ekialde Hurbileko gerraren ondoriozko tentsioak arintzeko"

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 14a

Eider Mendoza diputatu nagusia.

Neurriek 155 milioi euroko likidezia ekarriko dute eta Gipuzkoako 11.683 enpresa eta autonomori lagunduko diete. Eider Mendoza diputatu nagusiren esanetan, helburua ekonomia-ehuna babestea da: "Batez ere ETEak, mikro-enpresak eta autonomoak". Neurrien artean daude zerga-zorren geroratzea, PFEZaren ordainketa zatikatuen salbuespena eta inbertsioetarako pizgarriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Eider Mendozak apiril hasieran iragarritakoa. Hala, neurri fiskal berriek Ekialde Hurbileko gerrak ekonomian sor dezakeen ezegonkortasunari aurre egiteko helburua dute. Nagusiki, zerga-zorren geroratzean, PFEZaren ordainketa zatikatuak salbuestean, eskuratutako aktibo berrien aparteko amortizazio bizkortuan edo enplegua sortzeagatik gehitutako kenkarian oinarritzen dira. Halaber, Aldundia BEZaren itzulketen tramitazioa arintzen hasi da.

Bestalde, Aldundiak jakinarazi du Gipuzkoako diru-bilketa %3,9 hazi dela martxora arte, guztira 1.166 milioi eurora iritsita. Hazkundea batez ere BEZaren eta lan-etekinen gaineko atxikipenen igoerari lotuta dago, nahiz eta BEZ itzulketak ere handitu diren enpresei likidezia emateko.

Horrez gain, Gobernu Kontseiluak Enpresak Hobetzen programaren 2026ko deialdia onartu du, 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin, ETEen kudeaketa, ekoizpen-prozesuak, merkataritza-estrategiak eta finantza-kudeaketa hobetzeko. Programa hori iaz jarri zen martxan eta 116 enpresatan izan zuen eragina. 

Azkenik, Gipuzkoan komunitate energetikoak eta autokontsumo kolektiboa sustatzeko 1.035.000 euroko laguntzak ere onartu dira, energia berriztagarri gehiago ekoizteko eta herritarren zein enpresen parte-hartzea handitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak