Señora Sariketaren VI. edizioan keinu berezia egin nahi izan zaio aurreko bost edizioetako antolakuntza taldeari eta, besteak beste, Maider Arregi oñatiarrari eta Oihana Arana eskoriatzarrari. Izan ere, eurak izango dira bertso-bazkarian bertsotan arituko diren bertsolariak.
Bertso bazkariaren ondoren egingo da aurtengo aurkezpena eta bertan iragarriko dira seigarren edizioaren xehetasunak eta berrikuntzak.
Izen-ematea
Apirilaren 16a, eguena, bitartean dago zabalik bazkarirako zein ondorengo saiorako izen-ematea senorasariketa@gmail.com edo formulario honetan. Bazkaria zein saioa egunean bertan ordainduko da sarreran. Antolakuntzatik adierazi dute, bazkaria 14:00etan izango dela, 15 euro (prekarioa) edo 20 euro ordaindu beharko dela, eta menu begetarianoa izango dela.
Berrikuntzak
Jakitera eman dute, jada, berrikuntzen artean Señora kamisetak eta bertso-paper lehiaketa izango direla. Dagoeneko eskuragarri daude Señora kamisetak hemen. Bertso-paper lehiaketari dagokionez, emakume eta sexu-/genero-desidenteei zuzendutako sariketa izango da. Bertso-sortak osatzeko gaia librea izango da eta lanak banaka zein taldean aurkeztu daitezke. Maiatzaren 7a izango da bertso-sortak aurkezteko azken eguna. Sari banaketa Señora Sariketaren finalean izango da eta saridunek haien sortak partekatzeko aukera izango dute bertan.