Buruz buruko B Serieko txapelketako final laurdenetako partida jokatu zuen atzo Oñatiko Zubikoa pilotalekuan Ander Muruak. Arrasatearra nagusi izan zen kantxan eta horrela jaso zuen markagailuak partidu amaieran: 22-09. Beñat Senar izan zuen aurrez aurre eta ataundarrak ez zuen asmatu Muruaren aurrean.
Arrasatearra jaun eta jabe izan zen partidu osoan. Kantxa erdia hartu zuen hasieratik eta Senar alde batetik bestera ibili zuen. Muruak partidu oso ona egin zuen: nagusi izan zen, batez ere, sakean, bi paretekin eta defentsan. Ataundarra, aldiz, bere mailatik behera ibili zen. Eskumako eskua ezin sartu aritu zen eta hortxe izan ohi du Senarrek kolpea.
Rezustak galdu
Beñat Rezusta bergararrak ere Oñatiko Zubikoan jokatu zuen atzo. Jaialdiko lehen norgehiagoka jokatu ere. Iker Salaberria tolosarra izan zuen bikotekide eta 13-22 galdu zuten Amiano-Iztueta bikotearen kontra.
Aurretik jarri ziren Rezusta eta Salaberria hasieran (6-3) baina urdinek buelta eman zioten markagailuari eta baita norgehiagoka irabazi ere (13-22). Iztueta Rezustak baino gehiago asmatu zuen eta Amiano ere Salaberria baino hobeto ibili zen aurreko aldean tantoak amaitzeko.
Tanto oso luzeak izan ziren partidan eta amaiera gehienak urdinen aldekoak izan ziren, bai Amianok tanto eginda bai Rezusta atzean eraman ezinik geldituta. Norgehiagoka amaieran erreakzio txiki bat egon zen gorrien partetik –hiruzpalau tanto jarraian– baina markagailuko aldea handia zen ordurako eta ezin izan zuten emaitza irauli.
Sarrera "polita", azkenean
Aloña Mendiko pilota sailak antolatutako jaialdia izan zen eta antolatzaileak gustura agertu dira sarrera salmentak eta jaialdiak emandakoarekin. Aurre-salmenta "justu" joan zela azaldu dute, baina azken uneko salmentekin "sarrera polita" izan dutela esan dute. "Eguraldia lagundu egin du", ziurtatu dute.