Itzulia 2026

Debagoieneko zaleendako txirrindularitzaren festa handia izan da Itzuliaren azken etapa

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko apirilaren 11

Itzuliaren podiuma: Lipowitz, Seixas (elastiko horia) eta Johannessen.

Euripean joan da Goizper-Antzuola eta Bergara arteko etapa ia guztia. Etapa garaipena Andrew August estatubatuarrarendako izan da. Sailkapen nagusian, berriz, Paul Seixas nagusitu da. Agur mezuak ere izan dira Antzuola-Bergara etapan; azken Itzulia izan da Ion Izagirre eta Pello Bilbao txirrindulariendako zein Arritxu Iribar kazetariarendako. [Erreportaje zabala astelehenean, Goiena Telebistako Harmailatik saioan].

Euripean joan da 2026ko Itzuliaren amaiera eta txirrindulariek majo igarri dute. Bide bazterretan, hasiera batean aurreikusitakoa baino jende gutxiago egon bada ere, puntu esanguratsuenetan jendea pilatu da.

Askoren ustez Paul Seixas txirrindulari frantziarrak historia egin du. Itzulia irabazi duen txirrindulari gazteena da –19 urte–, eta zalantzarik gabe Decathlon taldeko txirrindularia Itzulia honetako gizona izan da. Gauza handiak egitera deituta dagoen ziklista dela diote aditu askok eta bada Tadej Pogacarren mailara irits daitekeela dionik ere.

Etapa osteko prentsa agerraldian txirrindulari gazteak azaldu du oso pozik dagoela lortutako garaipenarekin –World Tour proba bateko sailkapen nagusian lehenengo garaipena– eta gaineratu du gaur gaurkoz buruan duen gauza bakarra egunez egun bere onena ematea dela. Jendeak egiten dituen konparaketei ez diela jaramonik egiten esan du. Florian Lipowitzek (Red Bull-BORA-hansgrohe) eta Tobias Haland Johannessenek (Uno-X Mobility) osatu dute podiuma Seixasekin batera.

Etapa Andrew August estatubatuarrarendako

Etapa garaipenari dagokionean, Andrew August txirrindulari estatubatuarrarendako izan da, txirrindulari askok osatutako ihesaldi baten ostean.

Lehenengo kilometroetan, kalitate handiko hiru txirrindulariko taldea osatu da: Marc Soler (UAD, 37), Mattias Skjelmose (LTK, 46) eta Ben Healy (EFE, 171). Tropelarekin 1’20-ko tartea zeukatenean, 32 txirrindulariko talde jarraitzaile bat osatu da. Horien artean, UNO-X Mobility taldeko bost txirrindulari, Tobias Halland Johannessen podiumera igotzeko lanean ari zirenak. Tropelak ihesaldia onartu du, uneoro elastiko horiaren taldea lider zela. Lasterketa buruaren eta talde nagusiaren arteko distantzia 4 minutukoa zen eta talde jarraitzailearekin 11'30-koa.  

Gorlako bigarren igoeran, Romok eraso egin du tropeletik. Sailkapen nagusian eta taldekako sailkapenean hobetzeko aukerak ikusi ditu. Horren eraginez, gainerako faboritoak mugitu egin dira, besteak beste Lipowitz, oso aktibo, liderra behartuz. Izagirrek Red Bull-Bora-Hansgrohe taldeko txirrindulariaren lehenengo erasoei jarraitu ahal izan die.

Liderraren ahalegina

Ihes egindakoen distantzia murriztu egin da tropelaren erritmoak gora egin ondoren. Paul Seixas oso indartsu beti; ez du gurpilik galdu erasoaldietan. Liderra ondo sentitzen zen, eta egin duen eraso gogorrari inork ezin izan dio jarraitu. Seixasek epika bilatzen zuen berriro, eta erasoa jo du amaierarako 57 kilometro falta zirenean.  

Lasterketa guztiz apurtuta zegoen taldeetan. Solerrek talde jarraitzailetik joateko aginduak jaso ditu, Igor Arrietari laguntzeko. Talde horrek ihes egindako biak neutralizatu ditu amaierarako 23 kilometro falta zirenean. Une horretan, liderra lasterketa burutik 2'15-ra zegoen.  

Eguneko azken igoeran, ihesaldia osatzeko erasoak itzuli dira. Andrew Augustek (IGD, 181) eta Raul Garcia Piernak (MOV, 94) 15 segundoko zuloa ireki dute ihes egindako beste txirrindulariekiko. Seixas ez zen lotzeko gai, eta denbora galdu du. 

Etapa Asentziorako igoeran erabaki da. Kilometro bat falta zenean, Garcia Piernak Ineos Grenadierseko txirrindulariarekin kontaktua galdu du eta Bergarako helmugara abiatu da. Bakarrik heldu da amaierara eta besoak jaso ditu.

Zaleen berotasuna errepide bazterretan 

Eguraldiak ez du lagundu. Zirimiria zen Antzuolako irteeran eta eguraldi iragarpena bete egin da. Tenperaturak jaitsi eta euria egin du. Tropeleko txirrindulariek sumatu dute aldea aurreko etapekin alderatuta eta publikoak ere bai. Hala ere, jendea pilatu da mendateetan eta irteera-helmugetan. Adin guztietako zaletuak eta txirrindulariak animatzeko gogoz, euskaldunak batez ere.

Erretiroak eta aitortzak

Urteak ziren Antzuolak eta Bergarak ez zutela Itzuliaren irteera eta amaiera hartzen eta eguraldia salbu, gustura gelditu dira arduradunak. Azken Itzulia izan da Ion Izagirrerendako eta, era berean, agurra iragarri du Antzuolan bertan, etaparen aurretik, Pello Bilbaok. Izagirreri omenaldia egin dio Itzuliak. Baita Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetariari, Itzuliak eta Lokatza Ziklismo Eskolak. Urteak eman ditu txirrindularitzari buruzko informazioa zabaltzen.

Egun handia Lokatzarendako

Bestetik, Lokatza taldearendako egun handia izan da. Elkartearen 50. urteurrenari keinu egiteko ekarri dute etapa Debagoienera eta egun hasierako urduritasunak gaindituta etapa amaieran pozik eta eskertuta azaldu da Lokatzako presidente Ion Unamuno. "Egun handia izan da. Urte dezente dira Pello Garitano eta biok kontu honekin hasi ginela eta gaur izan da helmuga, tartean Goizperren laguntzarekin ere bai. Polita izan da, baita ere elkarteko txirrindulari gazteendako. Maila honetako txirrindulari profesionalak herrian ikustea sari bat izan da denendako".

Sailkapenak

Eguneko etapa:

  1. AJ August (Ineos Grenadiers). 03:29:35
  2. Raul Garcia (Movistar Team). + 00:16
  3. Frank van den Broek (Team Picnic PostNL). + 00:34

Itzulia 2026, sailkapena nagusia

  1. Paul Seixas (Decathlon).
  2. Florian Lipowitz (Red Bull-BORA-hansgrohe).
  3. Tobias Halland Johannessen (Uno-X Mobility).
  4. Ion Izagirre (Cofidis).

Talde onena: Movistar Team.

Txirrindulari lehiakorrena: Mattias Skjelmose.

Oharra: Goizper-Antzuola-Bergara etapak emandakoaren gaineko erreportaje zabala astelehenean Harmailatik saioan. (Protagonisten adierazpenekin eta bide bazterrean pilatutako debagoiendarren iritziekin).

Erlazionatuak

Itzulia 2026: irteera Goizper-Antzuolan

Larraitz Zeberio Lekuona api 11, 20:35 Antzuola   Bergara

Itzulia 2026: tropela Debagoieneko errepideetan

Larraitz Zeberio Lekuona api 11, 20:48 Antzuola   Bergara

Itzulia 2026: Helmuga eta sari banaketa

Larraitz Zeberio Lekuona api 11, 20:44 Antzuola   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak