Rezusta eta Murua Oñatin egongo dira zapatuan

Mireia Bikuña Madrid 2026ko apirilaren 9a

Pilotari arrasatearrak B Serieko Buruz Burukoaren final laurdenak jokatuko ditu, Senarren kontra. Aurretik, eskuz binakako partiduan ariko da Beñat Rezusta. Jaialdia 18:00etan izango da, Zubikoa frontoian.

Debagoienak dituen bi pilotari profesionalak elkartuko dira Aloña Mendi pilota sailak antolatu duen jaialdian: Ander Murua eta Beñat Rezusta.

B Serieko binakako txapelketa irabazi berritan (martxoaren 21ean lortu zuen txapela, Aritz Gabirondorekin bikote eginez), buruz burukoan dihardu Murua arrasatearrak. Txapelketa borobila egin ostean, binakakoa irabazi izanak "indarberritu" egin zuen pilotari arrasatearra. Final laurdenetan Beñat Senar izango du kontrario. Elkar ondo ezagutzen dute, Soraluzen taldekide izan ziren-eta.

Txapelketako partidu horren aurretik, eskuz binakako lagunartekoa jokatuko da, Salaberria-Rezusta eta  Amiano-Iztueta bikoteekin. Pilotari bergararra ikusteko aukera izango dute zaleek. Rezusta ez dabil buruz buruko txapelketa jokatzen; eta eskuz binakako azken txapelketan asko sufritu zuen Etxeberriarekin. 2025ekoa Joseba Ezkurdiarekin irabazi ostean, aurtengoan bi partidu bakarrik irabazi ahal izan ditu ligaxkan.

Sarrerak salgai

Oñatiko jaialdirako sarrerak salgai daude hainbat lekutan: egubakoitzeko 23:00ak arte Arrano eta Aker tabernetan, eta zapatuan, partiduaren aurretik, frontoian. Baikoren webgunean ere eros daitezke. Batean zein bestean, 25 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak