Gaur, apirilaren 5ean, ospatzen da Aberri Eguna Euskal Herrian, urtero bezala Aste Santuko igandearekin bat eginez. Aurten ere, hainbat ekitaldi politiko eta sozial antolatu dira, baina, Debagoienetik kanpo garatuko dira.
'Zazpiak bat egin' Iruñean
Iruñean, EH Bilduk Zazpiak bat egin lelopean antolatu du aurtengo Aberri Eguna. Egun osoko egitarauaren baitan, ekitaldi nagusia eguerdian izango da: 12:00etan abiatuko den manifestazioa, Golem zinemen paretik. Ezker subiranistak nabarmendu du: "gaur egungo nazioarteko testuinguruan, ziurgabetasuna nagusi den honetan, inoiz baino beharrezkoagoak" direla proiektu kolektiboak. Ildo horretan, Euskal Herria herritarren bizitzetan "segurtasuna eta egonkortasuna" bermatzeko tresna izan daitekeela aldarrikatuko dute, nazio proiektu bateratu baten aldeko mezua zabalduz.
'Aberria bizi' Bilbon
Bilbon, EAJk bere ohiko ekitaldi instituzionala egingo du Plaza Barrian, 11:30ean, Aberria bizi! lelopean. Alderdi jeltzaleak azken urteetako ohiturari eutsiz antolatu du ekitaldia, eta bertan hitza hartuko dute, besteak beste, Aitor Esteban presidenteak, Imanol Pradales lehendakariak eta Maider Irujok. Azken honek azaldu duenez, aukeratutako goiburuak "herri gisa historian zehar bizitakoak gogorarazteaz gain, etorkizunari begiratzeko gonbita ere egiten du, herri bizia etorkizuna duen herria delako” azpimarratuz.