Aberri Egunean Gernikara joateko deia egin du Jardun Koordinadorak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko apirilaren 2a

Iturria: Jardun Koordinadora.

Apirilaren 5ean Gernikan egingo den Aberri eguneko mobilizazioan parte hartzera dei egin dute Jardun Koordinadoratik, "euskararen zapalkuntzaren aurka eta Euskal Herri euskaldun baten alde".

Apirilaren 5ean Gernikan Askatasunaren bidean, borrokak darrai! lelopean Aberri egunerako egitarau osatua antolatu du Jardun Koordinadorak: 13:00etan izango da manifestazioa eta ondoren bazkaria eta kontzertuak ere izango dira – Andoni Ollokiegi, Lee Kore, Arene 6, Odei, EH Sukarra eta Bad Sound System–. 

Deialdia euskararen eta nazio auziaren inguruko testuinguruan kokatu du, Debagoieneko Jardun Koordinadorak. Izan ere, azken asteetan plazaratutako zenbait salaketaren harira, CCOO sindikatuaren jarduna seinalatu dute, laburki, “euskararen aurkako estrategia” bat egotziz. Horren harira, adierazi dute “pluraltasunaren eta elebitasunaren izenean, euskara langileriarentzat oztopo bezala jotzen” dela, eta kritikak jaso dituztenean “biktimismoan eta mehatxu judizialetan oinarritutako kanpaina mediatikoa” abiatu dutela.

Koordinadoratik nabarmendu dute "euskara eta bere erabilera zein berreuskalduntzea ez dela eskubide bat, Euskal Herria nazio gisa bizirauteko baldintza objektiboa baizik”. Halaber, ohartarazi dute “klase gatazkaren baitako nazio auziari begirako zapalketak dirauen bitartean, euskararen aldeko borrokak izaera politikoa” izango duela.

Hori dela eta, "Euskal Herriko langileei" dei egin diete Gernikan egingo den Aberri Egunean parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak