2025eko urtarrilean jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto profesionala izeneko programa, lehen sektoreko lan bizitza beste jarduera profesional batzuekin konbinatzea ahalbidetzea asmo duena
Bertan parte-hartzeko deialdi berri bat egin dute, eta hori aurkezteko baitan lurralde mailan egiten ari diren aurekzpenen barruan, Bergaran egin dute geldialdia Nekazaritza eta Lurralde Oreka Berdeko zuzendari Joseba Aramburuk eta saileko aholkulari Iñaki Labakak. Arambururen esanetan, hainbat helburu ditu programak.: "Batetik, kontziliazioa ahalbidetu gura du, enpresa baten %100eko jardunean baldin bazabiltza orduek ez dutelako ematen gero baserriko lanak egiteko. Beste helburu bat da bigarren edo hirugarren sektoretik lehenengo sektorera trantsizio jasangarri bat ahalbidetzea. Eta helburuen artean daude baita ere ustiategietan ekoizpena handitzea eta ingurumena zainduz sektorea profesionalizatzea".
Pertsonendako eta enpresendako laguntzak
Horretarako, laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzen die beste sektore batean beren lanaldia mantentzen duten bitartean nekazaritza arloan jarduera bat garatu nahi duten 18 eta 55 urte arteko pertsonei, baina baita enpresei ere. "Langileari lan-jardunaren %50eko murrizketa ematen zaio enpresan. Lehenengo hiru urteetan 30.000 euroko laguntza jasoko du pertsona horrek, eta hurrengo hiru urteetan, beste 30.000 eurokoa. Enpresari, jornada murriztea ahalbidetzeagatik, hasieratik 30.000 euro emango zaizkio", azaldu du Aramburuk. Baldintzak ere jartzen ditu Aldundiak: bukaeran errentagarritasun izan behar dute programan parte hartzen duten pertsonen jarduerek, gutxienez 13.300 euroko etekin garbiarekin.
Aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusia da aurkezpen epea urte osora zabaldu dela eta hori horrela, interesdunek urteko edozein unetan egin ahal izango dute eskaera.
Lehen urtean, hamabost onuradun
Joseba Arambururen esanetan, lehen urtean oso ondo joan zen programa eta egun hamabost dira baserritar misto profesional figura hartu dutenak. Iraundi enpresako langilea izateaz gain, erlezaina ere baden David Manso arrasatearra da euretako bat. Bere esperientzia azaldu du Bergaran: "Sekulako aukera da, gustatzen zaizunari jarraipena emateko. Izan ere, bestela ez duzu bizitzarik: ni erleekin ibiltzen naiz, eta asteburutan joan behar duzu erlategira, eta lantegiko zortzi orduko jarduna amaitutakoan. Bikotekidearekin, familiarekin... uztartzea zaila da. Programak egunean lau ordu behintzat lehen sektorera bideratzeko aukera ematen dizu".
Informazio gehiagorako
Programan interesa dutenek 'bmp@gipuzkoa.eus helbide' elektronikoaren bitartez jarri daitezke harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.