Ander Murua eta Eneko Carrascal omendu dituzte derbian

Xabier Urtzelai 2026ko martxoaren 29a

Mondrak eta Bergarak derbia jokatu dute ligako 28. jardunaldian, eta zuri-moreek herriko bi txapeldun omentzeko baliatu dute hitzordua. Izan ere, partiduaren atarikoan Espainiako short track txapelketan, Valentzian, urrezko domina irabazi berri duen Carrascalek eta B Serieko binakako txapelketa irabazi duen Muruak herriko taldearen elastikoa jaso dute opari moduan. 

Arrasateko alkate Maider Morrasek lagunduta irten dira Eneko Carrascal atleta eta Ander Murua pilotaria Mojategiko berdegunera, 16:30ak jotzeko minutu gutxi falta zirenean. Eta, Mondrako presidente Haritz Arabiourrutia ere izan da eurekin, klubeko ordezkari moduan. Lagunak harmailetan, eta jokalariek pasilloa eginda, bi arrasatearrek elastiko zuri-morea jaso dute klubaren partetik.

Bina berdindu dute Mondrak eta Bergarak

Partiduari dagokionez, Mojategin batu direnek lau gol ikusi dituzte gaur arratsaldean. Zuri-moreak aurreratu dira Iker Perezek 22. minutuan egin duen golari esker, baina bigarren zatia hasi eta segituan, 55. minutuan, Bergarako Oier Jauregik norgehiagoka berdindu du (1-1). Arrasatekoak izan dira, berriro, partidua irabazteko hurrengo urratsa eman dutenak, Bittor Urteagaren eskutik (2-1), baina partidua luzapenean sartzeaz zegoela egin du, 90. minutuan, Aner Arriolak azken 2-2koa.

Emakumezkoen ohorezko erregionalean Bergarak eta Debagoiena Bailarak etxetik kanpora jokatu dute. Bergararrek puntu bat ekarri dute Ostadarren zelaitik, eta Debagoiena Bailarakoek zigorra jaso dute Intxaurdiren zelaian (5-1). Hala, puntua batuta bergararrek lehenengo podtuan jarraitzen dute, eta hiru puntura dute bigarren dagoen Intxaurdi.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak