Jokin Etxabe eta Nora Narbaiza izan dira ahuntz azkarrenak

Xabier Urtzelai 2026ko martxoaren 28a

Narbaiza eta Etxabe, Ahuntzen Lasterketako 2026ko edizioko azkarrenak.

Eguraldi petralari hanka azkarrak, horixe pentsatu behar izan du Jokin Etxabe bergararrak lasterketa hasi aurretik. Ahuntzek euripean hasi dute lasterketa, eta lehenengo kilometroak taldetxoan egin badituzte ere, Etxabek lasterketako bigarren zatia bakarrik egin du, eta errekorra ezarri du, gainera (1.39.21). Emakumezkoetan Nora Narbaizak ondo irabazi du, 11 minutuko abantailaz (2.06.30). 

Zaldibarko Nora Narbaiza eta Bergarako Jokin Etxabe izan dira Ahuntzen Lasterketaren bosgarren edizioko irabazleak. "Lasterketako antolaketa lan guztiak egin ditugu, baina ahaztu egin zaigu eguraldi ona enkargatzea", zioen umorea galdu barik Eleder Lozano antolatzaileak, goizeko lehenengo orduan. Eta arrazoia zuen, Elgetan termometroak 6 gradu erakusten zituelako 09:00ak aldera, eta euria zen, gainera. Lasterketa antxumeek hasi dute lehenengo, adin txikiko gazteek, eta eurendako egokitutako zirkuituan Donostiako Haritz Barbier eta Arrasateko Alaitz Berasaluze izan dira azkarrenak [Hemen gazteen sailkapena]. 

Hasieran euria, gero nahiko ateri

Nagusien lasterketa, berriz, 10:00etan puntuan hasi dute, eta orduan bota du euri gehien. Korrikalariek Egoarbitzarako bidea hartu dute ziztu bizian eta lehenengo igoera ilaran egin dute, baina ordurako Jokin Etxabe zen lasterketa buruan eta atzetik zituen Xabat Maiotz segurarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra eta konpainia luzea. Goizeko bigarren tontorrera, Goikomendira, igotzen hasi direnerako gauzak aldatzen joan dira, eta Aiako Mikel Usandizaga zen aurretik, Etxaberekin eta Zubizarretarekin batera. "Lehenengo zatia azkarra da, korrika egitekoa, eta hor ez gara horren ondo moldatzen. Baina erritmo motelagoetan ibiltzea tokatu denean hobeto ibili naiz, banekien jaisten banuela erretzeko moduko kartutxo bat eta hor egin dut aurrera, erasoa jo dut eta azken kilometroetan nire buruaren kontrako borroka izan da", adierazi du helmugan minutu eta 20 segundotako aldeaz irabazi duen Jokin Etxabek. Bergararrak, gainera, errekorra egin du. "Ez nuen horren berri, poztekoa da, baina zortzigarren kilometrotik aurrera bakarrik joan naiz eta ez naiz izan kontziente". Hala, Xabat Maiotz segurarra izan da helmugan bigarren (1:40:46) eta podiuma osatu du Borja Zubizarreta azkitiarrak (1:41:06). 

Emakumezkoetan, Narbaiza alde handiaz

Emakumezkoen borrokan, berriz, Aiaramendi taldeko Nora Narbaiza zaldibitarrak hasieratik jarri du erritmo bizia eta inor ez da izan hura jarraitzeko kapaz. "Bizkorregi irten naiz eta gero beldur apur bat ere izan dut, sufritzen etorri naizelako, baina pozik nago garaipenaz. Zaldibartarra naiz, etxe ondoko parajeak dira hauek eta ondo ezagutzen ditut. Iaz Intxortatik jaisten asko sufritu nuen, baina gaur hobeto etorri naiz".  Bada, hamaika minutura Sandra Rodriguez zarauztarra (2.17.28) helmugaratu da eta Eibarko Aitziber Urkiola izan da hirugarren (2:18:56). Eta hor bai, emakumezkoen podiuma osatzeko borroka estua izan dute, minutu gutxiren aldean helmugaratu dira eta hainbat korrikalari. 

[HEMEN SAILKAPEN NAGUSIA].

[HEMEN EGOARBITZAKO IGOERAKO ARGAZKIAK ETA HELMUGAKOAK].

Erlazionatuak

Ahuntzen mendi lasterketako podiuma iruditan

Koldo Zubia Salas mar 28, 17:40 Elgeta

Antxumeak ere lokatzetan murgildu dira

Koldo Zubia Salas mar 28, 17:28 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak