Debagoieneko Lanbide Heziketa publikoak eskaintza zabala izango du datorren ikasturtean

Babestutako edukia 2026ko apirilaren 8a

16 urtetik gorako gazte zein helduendako prestakuntza eskaintzen dute Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak. Horren berri izateko ate irekiak egingo dituzte maiatzean.

Datorren ikasturteari begira daude dagoeneko ikasleak eta baita ikastetxeak edo formakuntza zentroak ere, eta, hala, Debagoieneko Lanbide Heziketak eskaintza zabala prestatu du datorren ikasturterako. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaletako Lanbide Eskolak etorkizuneko langileei zuzendutako kalitatezko, doako eta euskarazko zikloak dituzte: hain zuzen, 26 ziklo eta hiru espezializazio programa. Horiek guztiek zortzi arlo profesional barnebiltzen dituzte, eta lan mundura edo beste ikasketa batzuetarako bidea dira.

Formakuntza eredua, egokitua

Malgutasuna da lanbide heziketaren abantailetako bat, eta, horrenbestez, bakoitzaren beharretara egokitutako formazioa hautatzeko aukera ematen dute bailarako zentro publikoek. Ikasleek eredu presentziala aukeratu dezakete, baina baita enpresako eta ikastetxeko jarduna lotzen dituen LH Duala ere: ikasleen %26 dago, hain zuzen ere, aldi berean ikasten eta lanean. Bestetik, zikloak modulutan banatuta egiteko aukera ere badago, eta, amaitzeko, praktikak inguruan edo atzerrian egin daitezke, Erasmus+ programaren bidez: egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpiehun ikasle baino gehiago daude era horretan.

EAEko lanbide heziketako zentroetan urtez urte goraka doa matrikulazio kopurua. STEAM arloetako ikasketei dagokionez, emakumeen presentzia EAEn %15 ingurukoa den arren gure bailaran %20ra hurbiltzen da.

Aurrematrikula eta ate irekiak

2026-2027 ikasturtean matrikulatzeko asmoa izanez gero, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea, eta horretarako epea maiatzaren 4tik 22ra izango da. Bien bitartean, ikastetxeen eskaintza ezagutzeko aukera egongo da, ate irekiak egingo baitituzte apirilean eta maiatzean bailarako lanbide heziketako zentro publikoetan, Ateak Zabalik izenpean:

  • Oñati Institutua: apirilak 15 eta maiatzak 13.
  • Aretxabaleta Lanbide Eskola: apirilak 22 eta maiatzak 6.
  • Miguel Altuna Lanbide Heziketa: apirilak 25 eta maiatzak 5.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak