2025eko errenta aitorpenaren kanpaina martxoaren 30ean hasiko da

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 24a

PFEZean erreforma fiskala aplikatuko da aurten, eta Aldundiaren aurreikuspenen arabera, "105 milioi euroko eragina izango dute zergadunen alde". Foru Ogasunak "ahalik eta gehien" erraztu du proposamena internet bidez aurkezteko bidea.

2025eko errenta kanpainak hainbat berrikuntza izango dituela adierazi du Itziar Agirre Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak. Zerga sistemaren erreforma fiskala onartzen duen Foru Arauaren bidez, Foru Ogasuna IZFErekin elkarlanean aritu da bere programa eta aplikazio guztiak egokitu eta hainbat informazio tresna garatzeko, kanpainan gorabeherarik izan ez dadin. "Helburua da zergadunek beren aitorpena modu eroso eta erraz batean baieztatu edo aldatu ahal izatea, nahiago duten bidea erabiliz, horretarako Ogasuneko bulegoetara joan beharrik izan gabe", adierazi du Agirrek, eta gehitu du erreforma fiskalean jasotako aldaketek "Gipuzkoako herritarren % 80ari" egingo diotela mesede.

Guztira, 330.000 zergadun inguru mesedetuko dituzte arlo hauetako neurri berriek: etxebizitza, zainketak, gizarte aurreikuspena, kontziliazioa, trantsizio ekologikoa edo behar espezifikoak dituzten familia eta kolektiboentzako laguntza. Agirrek adierazi duenez, "Foru Ogasunaren kalkuluen arabera, onartutako neurri fiskalek 105 milioi euroko eragina izango dute zergadunaren alde PFEZean".

Kenkari ugari

Zehaztu duenez, aurten ahalik eta gehien sinplifikatu da proposamena Zergabidea programara deskargatu, aldaketak egin (kenkari berriak sartzea, adibidez) eta, ondoren, aitorpena internet bidez aurkezteko bidea. Agirrek gaineratu duenez, "autolikidazio proposamena onartzeko aukera posible guztiak jarri ditugu zergadunaren esku. Izan ere, aurtengo kanpaina konplexuagoa da, PFEZean kenkari ugari sartu direlako lehen aldiz, adin desberdinetako zergadun askori mesede egingo dietenak, eta hortaz gure helburua ahalik eta erraztasun handienak ematea eta zerbitzurik eraginkorrena eskaintzea da".

Ogasun Departamentuak bideo tutorial bat prestatu du, zergadunen zerbitzura dauden gainerako gida eta bideo tutorialekin batera, esteka honetan. Kanpainaren data nagusiak honakoak dira:

  • Martxoaren 30etik aurrera: Autolikidazio proposamenak webgunean.
  • Apirilaren 7tik aurrera: Proposamenak onartzea –telefonoz, internetez edo Errenta+ app-aren bidez–; Aurkezpena bide telematikoz –Zergabidea–; Ondarearen eta fortuna handien gaineko zergaren kanpaina.

     

  • Apirilaren 13tik ekainaren 8ra: errenta mekanizatuko hitzorduen eskaera.
  • Apirilaren 14tik aurrera: errenta mekanizatuaren hasiera.
  • Kanpainaren amaiera: uztailaren 2a. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak