Barikuan, hilak 27, egingo ditu lanak Aldundiak, eta zirkulazioa bi noranzkoetan itxiko dute, 08:00etatik 20:00etara. Bergara eta Elgeta lotzen dituen GI-2632 errepidean egingo dituzte asfaltatze-lanak.
Lanok aurreikusten dute Jalotza pareko errepide zatian azkenaldian behin eta berriz egin diren zuloak konpontzea. Irauten duten bitartean, Bergaratik Elgetarako bidea egin nahi dutenek Angiozarko errepidea erabili beharko dute; hau da, GI-3360 errepidea.
Aldunditik jakinarazi dute lanak amaitutakoan obren behin-behineko seinaleak kenduko dituztela beharginek eta normaltasuna itzuliko dela GI-2632 errepidera.
Garraio zerbitzua
Zirkulazioa 08:00etatik 20:00etara itxiko dute. Lurraldebusek jakinarazi du zirkulazio mozketak eragina izango duela garraio zerbitzuan. Bergara eta Elgetaren arteko zerbitzua ematen duen DG20E linea bertan behera geratuko da 08:00tatik 17:00tara. Donostia eta Bilbo lotzen dituen DO03 linean, berriz, bertan behera geldituko da Elgetako geralekua. Informazio gehiago Lurraldebus.eus atarian.
