Euskadiko VIII. Filosofia Olinpiadaren amaiera-ekitaldia Gasteizen egin zen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Agora Filosofia Elkarteak antolatuta eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Aurtengo edizioan 40 ikastetxek hartu dute parte, eta guztira 519 lan aurkeztu dira. Finalera 28 ikastetxetako 74 ikasle iritsi dira, sei modalitatetan banatuta: iruzkina, dilema morala, bideosormena, argazkilaritza filosofikoa, marrazketa filosofikoa eta nazioarteko disertazioa.
Aurtengo gaia “Eromena. On Kixote gaurko munduan” izan da. Proposamen horren bidez, ikasleek arrazoia, identitatea, normaltasuna eta egungo errealitateari buruzko ikuspegi kritikoa landu dituzte filosofiaren ikuspuntutik.
Debagoieneko podiuma
Bideosormen kategorian lehen postua Elkar Hezi Ikastetxeko Rosangela, Noemi Betanzos Lora eta Paula Astudillo Quelle ikasleek lortu dute. Bigarren saria Arrasate BHIko Izaro Urkia García, Malen Bautista Vega eta Ibtisan Chaikh ikasleentzat izan da, eta hirugarren postua ikastetxe bereko Olaia Romero Fernández eta Lia Uribarren Henizentzat.
Irabazle izan diren Elkar Heziko ikasleek Euskadi ordezkatuko dute apirilaren 17an eta 18an Ciudad Realen ospatuko den Estatuko XIII. Filosofia Olinpiadan, bideosormen kategorian.